Gure ikastetxea 2007an sortu zen, eta 2009an ikas komunitateen prestakuntza egin genuen. Hasieran, 7 irakasle ginen DBHko 1. mailako bi taldetan eskolak emateko. Gero, ikas komunitateen proiektuarekin hasi ginenean, handituz joan zen, eta orain 450 ikasle eta 42 irakasle gara.
Gelako ikasle kopurua handia izaten da, 32 ikasle. Talde Elkarreragileak (TE) egiterakoan, normalean, 6 talde antolatzen dira, eta 3 ekintza saio bakoitzerako.
Jarduera horren abantailak komunitate osoak ikusten ditu. Arrakasta handiagoa lortzen dela argi dago, talde interaktiboen bidez landu diren edukien emaitzak berehala ikusten direlako.
Nahiz eta gure ikastetxean aniztasun handia egon (testuinguru kateatuetako ikasleak, etorri berriak, behar bereziko ikasleak…), jarduera horiekin lortzen ditugun emaitzak oso onak dira:
- Kataluniako batezbestekoarekin konparatuta, zientzietan 7 puntu gorago gaude, ingelesean 2, matematiketan 8 eta hizkuntzan 4. Baina hori ez da beti horrela izan: 2012an ingelesean 18 puntu beherago geunden, matematiketan 1 gorago eta hizkuntzan 2 beherago. Beraz, arlo guztietan gorakada handia izan dugu DBHko 4. mailan.
- Graduatuen kopurua ere hobetu da. 2012an batezbestekotik 6 puntu beherago geunden eta orain 2 puntu gorago.
- Eta selektibitateko emaitzak ere hobetu dira: azken hiru urteetan % 100ek gainditu du. Batxilergoan matematika-irakasleak eta ingelesekoak bakarrik erabiltzen dituzte TEak, baina ikasleek ikasi dute horrela ikasten eta beraien kabuz azterketak prestatzen dituzte elkarlaguntzaren bidez.
TEetan gehiago ikastea ez dago lotuta ekintza motarekin. Ekintza tradizionalak TEetan erabilita guztiz aldatzen dira. Ekintza mota ez da gakoa, interakzioa, elkarrizketa eta elkarlaguntza baizik, eduki aberats baten inguruan.
Arrakasta akademikoaz gain, komunikaziorako eta talde-lanerako gaitasunak garatzen dira, ikasleekiko eta irakasleekiko harremanak ere hobetzen dira eta bakoitza eskolako taldeko kide sentitzen da.
Maila desberdinak dituzten ikasleei ez zaie mugarik ipintzen eta beraiek aukeratzen dute noraino heltzen diren, laguntza guztiak emanda. Baina helburuak ez zaizkie mugatzen. Zergatik ukatuko diot ikasle bati, haren desgaitasunagatik, zelula ikastea besteek bezala? Edo harriak eta mineralak desberdintzea? Beharbada ez dit oso definizio teknikoa edo abstraktua emango harri bat edo mineral bat desberdintzeko, baina ikas dezake desberdintzen, eta, ahal duen neurrian, ezaugarrien azalpena eman dezake. Material eta bide gehiago erabiltzen ditugu laguntzeko, baina ez ekintza desberdinak: argazkiak, komunikazio-sistema handigarriak… Eta berdin gertatzen da goi-mailako ikasleekin, haien ekarpenak oso desberdinak izan daitezke eta, beharbada, zuri bururatu ez zaizkizun oso gauza interesgarriak plantea ditzakete.
Orain gure institutua aukeratzen dute. Emaitzekin batera beste elementu batzuk ere balioesten dituzte; adibidez, ikasle baten amak kontatu zigun bisita egin ondoren aukeratu zuela, ikusi zuelako hor ikasi egingo zuela eta zoriontsua izango zela. Beste ama batek komentatu zuen euren (gurasoen) partaidetzarekin semeari laguntza ematen jarrai zezaketela eta hori balioesten zutela.
Irakasleok ikusten dugu talde interaktiboen bidez ikasleak seguruagoak sentitzen direla edozein gauza edo zalantza galdetu dezaketelako, eta beti egongo delako horien azalpenak emango dizkion norbait. Ikasleek lan gehiago egiten dute eta irakasleon lana dinamikoagoa da, hobeto sentitzen gara.
Egilea: Rosa Carbo