Jazarpenaren kontra gero eta programa gehiago daude, eta haien ezaugarri bat da lekukoaren esku-hartzea bultzatzea, hau da, gertakari edo jokabide bat ikusten duten edo horren berri duten pertsona ororen esku-hartzea bultzatzea.
Baina horretarako ikusi egin behar da, eta hor dago beste arazo bat. Jazarpena gauza berezitzat eta pertsona biren arteko gatazkatzat hartzen bada, eta ez orokorra eta kulturala den zerbaitzat, egoera asko ez dira ikusten eta, ondorioz, ez zaie aurre egiten.
Ondorio horretara heldu dira Helsinkiko Unibertsitateko Ina Juva, Gunilla Holm eta Marianne Dovemark-ek egindako ikerketan. Beraiek, inklusio- eta baztertze-prozesuak aztertzean, jazarpen-kasu batzuk topatu zituzten eta haietako batean sakondu zuten: Sasuren kasuan. Nahiz eta eskola Kivaren programaren barruan egon eta saio batzuetan Sasuren egoera aztertu, irakasleek ez zuten jazarpen-kasutzat hartu. Haiek ulertu zuten zailtasunak harenak zirela eta ez zela eskolara moldatu; ondorioz, joan behar izan zen.
Irakasleen papera oso garrantzitsua izan zen kasu horretan. Haien begiradak ez zuen lagundu, ez zuten ikasle “normaltzat” ikusten eta askotan ez ikusiarena egiten zuten, bai berak egiten zuenari bai beste ikasleek egiten ziotenari dagokionez. Are gehiago, beste ikerketa batzuetan ere adierazi denez, ez ikusiarena egitea baimena ematearen seinale bihurtu zen gainerako ikasleentzat. Sasuk zailtasunak zituen gelan jarrera egokia izateko, eta era egokian komunikatzeko trebetasun falta ere bai, baina irakasleek, lagundu beharrean, talde-lanean sartzera bultzatu beharrean, haren ezgaitasunak agerian uzten zituzten eta horrek bazterketa-egoerara bultzatu zuen.
Ikertzaileen arabera, jazarpena ez da pertsona batzuen arteko gatazka, baizik eta eskolako kultura arruntaren disfuntzio bat. Desberdinak direnei maiz biktima izatea leporatzen zaie eta jasotzen duten indarkeria naturalizatu egiten da. Beraz, jazarpenarekin amaitzeko, beste neurri batzuen artean, indarkeriaren kultura eta naturalizazioa aztertu, ikusi eta gainditu behar dira. Horretarako, komunitate osoaren parte-hartze kritikoa behar da, ezinbestean nagusi guztiena, eta bereziki irakasleen esku-hartze aktiboa.
Ez da nahikoa, eskola horretan gertatzen zen bezala, jazarpenaren kontrako jarrera edukitzea eta estrukturak sortzea; aitzitik, edozein indarkeriaren edo bazterketa-egoeraren zantzuaren aurrean sentsibilitatea landu behar da, hau da, 0 indarkeriaren kultura komunitate osoan errotu behar da. Horrekin batera, geletan, era prebentiboan, inklusiorako interakzioak bultzatzea ezinbestekoa da: talde-lana, elkarlaguntza eta adiskidetasuna.
Egilea: Mª Luisa Jaussi