Matematikaren ikaskuntza sustatzen Haur Hezkuntzan

Nola sustatu matematika Haur Hezkuntzan jolasaren bitartez? 2018an, European Early Childhood Education Research Journal-en argitaratutako artikuluan, Camilla Björklund, Maria Magnusson eta Hanna Palmér ikertzaileek galdera horri erantzuna topatzeko Suediako Haur Hezkuntzako geletako 42 bideo grabaketa aztertu dituzte.

Bideo horietan, Haur Hezkuntzako 9 irakaslek umeekin izandako elkarrekintzak grabatu ziren matematikako jardueretan laguntzen zieten bitartean. Ikus-entzunezko material horretan, irakasleen, haurren eta uneko ekintzaren inguruan sortzen ziren elkarrizketak aztertu zituzten ikertzaileek. Azterketa horretan, ikertzaileak eta Haur Hezkuntzako irakasleak elkarrekin aritu ziren. Emaitzek Haur Hezkuntzan matematika sustatzeko irakasleek egindako lau elkarrekintza mota identifikatu zituzten.

Lehenengoa, “interesaren noranzkoa baieztatzea”, irakasleak haurra egiten ari denarekiko interesa duela esplizitatzean datza, esaterako, galderak eginez edo umeak esaten duena errepikatuz.

Bigarren modua “estrategiak eskaintzea” da. Horretan, aztertutako materialaren zenbait momentutan, bereziki zenbaketarekin erlazionaturiko ekintzetan, irakasleak umeak jada zenbatu zuenarekin edo zenbatzeko geratzen zitzaionarekin loturiko elkarrekintzak egiten zituen. Elkarrekintza mota horrek zenbaketako problemak bideratzen laguntzen zuela ikusi zuten.

Hirugarrena “kontzeptu ezagunak kokatzea” da. Horren arabera, umeak edota irakasleak ezagunak diren kontzeptuak erabiltzen dituzte jolasean, eta batak edo besteak kontzeptu jakin bat jolasean integratzeko ekimena hartzen duenean, horren esanahia ekintza ludikoan gehitzen du. Horrela, kontzeptua jolasean kokatzen da.

Matematika jolasaren bidez sustatzeko identifikatutako azken elkarrekintza mota “kontzeptuen esanahia desafiatzea” da. Elkarrekintza mota horren arabera, irakasleak umeak egiten edo esaten duenaren kontrakoa esaten du. Horrek matematikako kontzeptu baten ulermena indartzea dakar, umeak ulertzeko modua azaltzen duelako.

Ikerketak ondorioztatzen duenez, Haur Hezkuntzan jolasa eta matematikako ikasketa ez dira dikotomiatan ulertu behar. Haur Hezkuntzako geletan, irakaslearen laguntza egokiarekin, jolas-momentuak matematika ikasteko baliagarriak dira. Irakasleak umeen jolasa kontrolatu edota hondatu gabe, hori zabaldu dezake matematikarekin uztartuz.  

Egilea: Andrea Khalfaoui

Andrea 2017

Be the first to comment on "Matematikaren ikaskuntza sustatzen Haur Hezkuntzan"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*