Adiskidetasuna eta solidaritatea, ikaskuntza eta elkarbizitzaren eragile. 1. atala

Adiskidetasuna eta solidaritatea indarkeriaren aurkako sendagaiak dira eta hori baieztatzen duten ebidentzia zientifikoak daude. Ezbairik gabe, indarkeria desagerrarazteko eta gizartea eraldatzeko sendagai horiek landu beharko ditugu gure eskolak seguruagoak izan daitezen.

CPI Soloarte IPIn eraldaketak egon dira Solasaldi Dialogikoak (SD) eta Talde Elkarreragileak (TE) sistematizatu ditugunetik, eta arrakastaren bidea jada hasita dagoela ziurta dezakegu, poztasun handiz, gainera.  

SD eta TE eszenatoki aparta dira ikasteko, solidaritatea sustatzeko eta adiskidetasun-harreman zintzoak eraikitzeko, eta, hala, elkarbizitzarako esparrua seguruago bihurtzen dugu. Gelan bertan naturaltasunez eta lanari ekinez sortzen den giro abegitsua ikastetxe osora eramaten da, eta hasierako eszenatoki txiki hark eskolatik kanpo ere badu eragina, gure testuinguru hurbilenean, hain zuzen ere: lagun taldean, familian, auzoan… Ikasleen hitzetan: “Orain askoz hobeto ibiltzen naiz jendearekin”, “Solasaldiek asko lagundu didate neure burua hobeto ezagutzen”, “Nik uste dut elkar errespetatzen ikasten dugula…eta hori ere kalera eramaten da” edota “Batzuetan etxean, nire familian solasaldiak izan du eragina”.

Elkarrizketan aritzeko paradak sortzen ditugun heinean, SDLen foroan eraikitzen dugun berdintasunezko estilo demokratikoak errespetua, zintzotasuna eta egiazko iritziak agerrarazten ditu. Horrela, gutxinaka, irakasleon parean dauden erreferente berriak azalduko dira, guztiontzat positiboak bezain aberasgarriak direnak. Ahotsen maiztasunak denon partaidetza bultzatzen du eta ikasleak interesgarri deritzeten balioak adierazten ausartzen dira; hala, errespetuzko eztabaida oso interesgarriak sortzen dira: “garagardoa hartzera joan beharrean bere zorrak ordaindu beharko lituzke”, “borrokan ibiltzearren elkarri mina egiteko kapazak dira”, “ez zait batere gustatzen umeak familiaren mendekuan parte hartu behar izana”, “jende askok ez daki noiz utzi behar zaituen bakarrik”, “askotan ez dugu lagundu nahi gure pribilegioak ez galtzearren”, “beti dago zerbait atzetik, bizitza guztiak garrantzitsuak dira”, “honek asko gogorarazten dit nire herrialdea”. Nork bere burua agertzeko espazioa izateak albokoari zu ezagutzeko zein ulertzeko aukera ematen dio; aldi berean, egunero aurrean daukazunarekiko begirada aldatzen zaizu. Horrela, harremanak sortzea, aldatzea zein sendotzea posiblea da.  

Hori dela eta, Soloarteko kohesioa zein elkarbizitza asko hobetu dira: irakasleon lana baldintzatzen zuten antzinako tirabirak eta larritasunak desagertu dira neurri handi batean eta gure eskola leku seguruagoa da, non hitz egiten eta ikasten dugun. Orain erraz ikus daiteke patioan ikasle ijitoa musulman etorri berriari laguntzen eta irakasten, edota payo ikaslea ijito bati iritzia eta babesa eskatzen. Orain gutariko bakoitzak izena dauka eta jada zaila da entzutea “payak esan du”, “ijito hura”, “aizu, beltza!” eta antzeko berbak.

Landu dugun elkarrizketarako joerak oztopo asko gainditu ditu eta familiekin dauzkagun harremanek ere hobera egin dute, eta eraiki dugun elkarrekiko konfiantzak ikastetxeko elkartasuna errazten du. Ikasle baten hitzek laburbiltzen dute gure lorpena: “Askoz harreman hobeak ditugu. Errespetatzen dugu eta batez ere elkarri entzuten diogu”.     

Inork ez ditu kideak eta lagunak engainatu nahi, alde batera utzi nahi, atzean gera daitezen nahi… Aitzitik, gure helburuak lortzeko premiazko partaideak izatea nahi dugu. “Denok egin behar dugu aurrera, beraz, ez da inor kexatzen” dio gure neska batek. Kideen eta lagunen artean guztion mesederako proiektu baten alde lan egitea errazagoa da. Atseginagoa. Ederragoa. Eta hori bizitzarekiko jarreraren euskarri bihur daiteke.  

Egilea: Sonia del Barrio

Sonia_IMG_1521112794706-1

Be the first to comment on "Adiskidetasuna eta solidaritatea, ikaskuntza eta elkarbizitzaren eragile. 1. atala"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*