Ilusioz, hitzez eta ebidentzia zientifikoez betetako asteburu ederra Madrilen

Aurreko urteetan bezala, pasa den asteburuan Madrilen, hainbat jatorritako 750 pertsona elkartu ziren “Ikas Komunitateak” proiektuaren VII. Nazioarteko Topagunean parte hartzeko.

Ilusioz betetako partaideek, Ikas komunitateak diren ikastetxeen irakasleek, hezkuntza-jarduera arrakastatsuak egiten dituzten irakasleek, boluntarioek, senideek eta proiektuan interesa dutenek aukera izan zuten aditu batzuen ekarpenak entzuteko, euren arteko esperientziak trukatzeko eta  hezkuntza-jarduera arrakastatsuetan sakontzeko; hau da, elkarrizketaren bidez, euren hezkuntza-praktikak hobetzen jarraitzeko.

Topaketaren inaugurazioa Hezkuntzako Estatu Idazkaria den Alejandro Tianak egin zuen, eta bere esku-hartzean nabarmendu zuen ikas-komunitateak diren ikastetxeetako irakasleak ikasle guztiek arrakasta izan dezaten egiten ari diren lan bikaina.

Jarraian, Marta Soler doktoreak “Freireren Inpaktu Soziala solidaritatean” izenburuko inaugurazio-konferentzia eman zuen. Zapalduen Pedagogia liburuaren 50. urteurrena  gogoratu zuen eta aipaturiko lanak eta egileak hezkuntza-transformazioan izan duten inpaktuaz hitz egin zuen. Bere diskurtsoan, Freirek zientzia eta zentzua batzen zituela nabarmendu zuen Solerrek. Are gehiago, maitasuna eta adiskidetasuna, zientzia eta utopia; eta horrek, arrakasta ekartzeaz gain, mugimendu solidario asko sustatu dituela azpimarratu zuen. Martak maitasun handiz partekatu zituen “zailtasunak aukera bihurtzeko” proposatzen zuen XX. mendeko pedagogorik garrantzitsuenaren pasadizo batzuk, eta Freire hurbilago sentiarazi zuen.

Jarraian, Britainia Handian, Txipren eta Portugalen egiten ari diren hezkuntza-jarduera arrakastatsuak aurkeztu ziren panel batean. Bazkaldu eta gero, Estatuko ikas-komunitateak diren ikastetxeen esperientziak partekatzeko unea heldu zen: lehenengo zatian ikastetxeek euren hezkuntza-jarduera arrakastatsuen esperientziak deskribatu zituzten; eta bigarrenean, narrazio heuristikoez eta euren inpaktuaz aritu ziren. Guztira, 35 esperientzia aurkeztu ziren aldibereko tailerretan, eta guztietan sortu ziren elkarrizketa interesgarriak.

Bukatzeko, “Hezkuntza adiskidetasunean eta maitasunean: genero-indarkeriaren kontrako antidotoa” hitzaldian, Bartzelonako Universitateko Sandra Racionerok, Gironako Universitateko Patricia Melgarrek eta Lleidako Universitateko Rocío Garcíak, nork bere ikerketa-esparrutik, genero-indarkeria desagerrarazteko eta ikastetxeak eta gizartea eraldatzeko maitasuna, laguntasuna eta elkartasuna landu behar direneko ebidentzia zientifikoak aurkeztu zituzten. Argi gelditu zen ezinbestekoa dela isiltasuna apurtzea eta komunitate osoaren partaidetza lortzea; eta, horretarako, eskolako ateak ireki behar zaizkiela indarkeriaren aurrean jartzen diren emakume eta gizon guztiei; halaber, oso ausartak izan behar gara, gizonok eta emakumeok elkarrekin, askatasunaren alde.

 

Datorren urtean Irunak hartuko du VIII. topaketaren lekukoa. Aurtengo giroa, ekarpenen kalitatea eta elkarrekintzak ikusita, egon diren partaideen garunak ez dira berriro izango  izan zirenak, askoz aberatsagoak baizik, ezbairik barik.

Egilea: Luisa Mª Puertas

Luisa Mari

Be the first to comment on "Ilusioz, hitzez eta ebidentzia zientifikoez betetako asteburu ederra Madrilen"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*