Gatazkak prebenitzeko eta ebazteko programak

Gaurko debatean, gatazkak prebenitzeko edo/eta ebazteko hiru proposamen aurkeztu nahi ditugu beraiek ezaugarri nagusiak eta onurak nabarmenduz

KIVA PROGRAMA

belen2

Egilea: Belen Baztarrika

Fenomeno globala izateaz gain, fenomeno sozial edo taldeko fenomenoa ere bada eskola jazarpena. Eta hori da, hain zuzen ere, KiVa programak azpimarratzen duen puntuetako bat. Bullyinga erauzi nahi bada, erasotzailearekin eta biktimarekin bezala, taldearekin ere lan egin beharko da, taldearen jokabidean eragiten bada, taldean erasotzaileari lagundu edo babesa ematetik biktimarekiko enpatia lortzera igarotzen badira, horrek erasotzailearen jokabidean ere eragina izango duelako. Horregatik jartzen du indarra KiVa egitasmoak prebentzioko proposamenetan.

Era berean, biktimari jakinarazi behar zaio, beharra du-eta hori jakiteko, helduen babesa eta laguntza dituela, eta entzun egingo diotela. Eta, noski, erasotzaileari ere aurrez aurre jarri behar zaio bere jokabide onartezina. Alegia, prebentzioarekin batera, esku-hartzea egon behar da. Mahai baten hirugarren hanka gisa, berriz, ekinbide horiei guztiei jarraipena egin behar zaie. Hori planteatzen du KiVak.

 

Prebentzioa lantzeko ikasmaterialak egin ditu (testu-liburuak, baliabide digitalak eta webgune bat, besteak beste) programa garatu duen Turkuko Unibertsitateak. Material horren bitartez, gelan lantzen dira hainbat balio, eta balio horiek landuz iristen dira eskola jazarpena bera ere jorratzera. Bullying kasuen aurrean jokabide jakin bat izatea, hura salatzea eta biktimaren alde jartzea bultzatzen da.

GATAZKAK PREBENITZEKO ETA EBAZTEKO EREDU DIALOGIKOA

Melgar_P

Egilea: Patricia Melgar

Gatazkak prebenitzeko eta ebazteko eredu dialogikoaren helburua da ikastetxeetan bizikidetza lantzea gatazkak sortu aurretik, hots, modu prebentiboan. Horren oinarri teorikoa nazioarteko komunitate zientifikoaren ekarpen nagusien bidez bildu da, hain zuzen, eragin sozial handia dutela erakutsi dutenen bidez. Hauexek dira landu beharreko gai nagusiak: indarkeriari oso gaztetatik heltzea eta uko egitea –zero indarkeria jaiotzen garenetik–, isiltasuna haustea edozein motatako erasoen aurrean, ezein menderatze- eta/edo jazarpen-portaerarekin lotuta ez dauden erreferentziazko ereduak eta eredu erakargarriak lantzea, eta indarkeriaren biktimaren inguruko pertsona guztien laguntza eta elkartasuna sustatzea.

 

Eredu horretan, komunitateak adostu egiten du eta kontzientzia hartzen du, gatazkak prebenitzen edo, sortu badira, horiek desagerrarazteko modu eraginkorragoan kudeatzen lagundu dezaketen balioei eta jarrerei dagokienez. Hain zuzen, komunitate osoaren inplikazioa nahiz eredu erakargarriei buruzko azterketan sakontzea dira eredua beste batzuetatik bereizten duten elementu nagusietako bi. Era berean, beste eredu batzuetan ez bezala, hori aplikatzeko eskolak ez du ezer ordaindu behar, izan ere, informazioa eta materialak doan eskuratu daitezke, gizartearen zerbitzura daude guztion artean ikastetxeak indarkeriarik gabeko eremu bihur ditzagun.

BYSTANDER INTERVENTION

Ana Vidu

Egilea: Ana Vidu

Bystander Intervention mekanismoaren gakoak komunitate osoak esku hartzeko beharrari buruzko kontzientzia sortzearen garrantzian ardazten dira. Erakundeek eta ikastetxeek sexu-indarkeria prebenitzeko eta, hori gertatzen den kasuetan, esku hartzeko egiten dituzten ahaleginetan, ikaskideen babesa izaten da, biktimen lagunak “aliatu” bihurtzen dira, eta laguntzeko eta elkartasuna adierazteko aukerak sortzen dira; baliabide horiek modu aktiboan parte hartzen dute arazoa gainditzeko.

 

Beste eredu batzuekin alderatuta, Bystander Intervention ereduak emaitza eraginkorragoak izan ditu. Azken azterlanetako batek (Coker et al., 2016) Amerika Iparraldeko unibertsitateetan urteetan zehar ezarritako sexu-jazarpenaren kontrako neurriak ebaluatu zituen, eta Bystander Intervention mekanismoa izan zen neurri eraginkorrena emaitzen arabera. Lekukoen esku-hartzeak kaltegarria izan daitekeen egoera edo elkarrekintza bati erantzuten dio, eta emaitzan positiboki eragiteko moduan erantzutea aukeratzen du. Biktima ahalduntzean eta jazarpenak nahiz egoera kaltegarriak ekiditean jartzen du arreta. Halaber, nabarmendu behar da ikerketa askok Bystander Intervention mekanismoa baliozkotzat jo dutela, besteak beste, sexu-erasoak eta bortxaketak prebenitzeko nerabeen jaietan, eta baita bullying-a prebenitzeko ere (Thapa et al., 2013).

Be the first to comment on "Gatazkak prebenitzeko eta ebazteko programak"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*