Berriro ere kontserbadoreak Harvard-eko aniztasunaren kontra

Harvard Unibertsitatearen onarpen-sistema epaitze-prozesuan dago kontserbadoreek hezkuntza-sisteman dagoen ekintza positiboaren kontra jo baitute. Edward Blum aktibista kontserbadoreak, Students For FairAdmissions (SFFA) kolektiboaren presidenteak, Harvard salatu du arraza beltzeko eta latinoko ikasleei lehentasuna ematen zaielako asiar-amerikarren kalterako.

Horrelako salaketak ez dira berriak, 1971tik, unibertsitateak aniztasuna lortzeko asmoz egin zuen lehenengo plan ofizialetik, erreklamazioak jaso baititu eta tribunalek txosten bat baino gehiago agindu baitute. Orain arte kausa guztiak gutxietsi edo gainditu dira, baina, oraingo honetan, salaketa onartu dute Bostongo auzitegiek. Prozesuak 3 aste iraun dezake, ondoren, auzitegiak lege berri bat proposa dezake J.F. Kennedy presidenteak garatutako diskriminazio positiboa ukatzeko edo mugatzeko, edota Harvardeko Unibertsitateari eragingo liokeen neurria ezartzeko.

Hardvard Unibertsitateak dio ez dagoela arrazaren araberako bazterketarik onarpen-sistema “holistikoa” baita, non arraza beste faktoreetako (egoera sozioekonomikoa, lorpen akademikoak, pertsonalitatea, kirol-maila, artistskill-ak…) bat den. Unibertsitateak ez du ezkutatzen ikasturtero talde heterogeneoak lortzen saiatzen dela eta horretarako ekimen positiboak erabili behar direla.

Luzaroan onarpen-dekanoa izan den Fitzsimmons jaunaren ustez, aniztasunean jardutea oso aberatsa da, ikasleek elkarrengandik asko ikasten dutelako. Are gehiago, bere ustez, dibertsitatea defendatzea gaur egungo Estatu Batuetan ezinbestekoa da gero eta segregazio ekonomiko eta sozial handiagoa baitago.

Aditu batzuen arabera, Edward Blum auzia Estatu Batuetako Gorte Goreneraino eramaten saiatuko da, memento honetan organoaren osaera oso kontserbadorea baita, eta gainera, Trumpen gobernua ekimen positiboaren kontra jotzeko mugimenduak sustatzen ari da eta.

Inkesten arabera, asiar-amerikar asko diskriminazio positiboaren alde daude, geletan bizi duten aniztasuna oso aberatsa izan zaielako. Gainera, horietako batzuek auzian duten susmoa da SFFA asiar-amerikarrak erabiltzen ari dela beste arraza minoritarioak erasotzeko, egoera sozioekonomiko ez oso ona duten gutxiengoak baztertzen laguntzeko.

 

Ivi League Schooletan, hots, eliteko unibertsitateetan, ikasle guztien emaitzen mesederako, ahaleginak egin dituzte historian zehar arraza, kultura eta etniaren araberako aniztasuna lortzeko. Auziak horren kontrako ebazpena egingo balu, ebidentzia zientifikoen arabera, munduko instituzio selektiboenetan hezkuntzaren kalitatea txikituko litzateke.

Egilea: Iraitz Hurtado

IMG_20180314_172758

Be the first to comment on "Berriro ere kontserbadoreak Harvard-eko aniztasunaren kontra"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*