Kultura-aniztasun handia dagoen lekuak sakonki ez ezagutzeagatik, horien inguruko ideia okerrek errealitatea distortsiona dezakete. “Estigma” kultural deritzen ideiek indarra hartzen dute ezjakintasunean, eta aniztasunak eskaintzen duen potentziala baztertzen dute. Gauzak horrela, John Cllaghanek, Emilee Moorek eta James Simpsonek egindako ikerketan, gatazkatsutzat hartzen den eta kultura-aniztasun handia biltzen duen Erresuma Batuko auzo bateko kasua aztertu dute aurten. Ikerketaren helburua saskibaloiko entrenamendu-saioetan sortzen den elkarrekintza-giroa aztertzea da, horietan hainbat kulturako pertsonek parte hartzen dutelako.

 

Helburua betetzeko, auzoko gizarte-etxean astero egiten diren saskibaloiko entrenamenduak bideoz grabatu zituzten, horietako hizkuntza, gorputz-komunikazioa eta jarrerak aztertze aldera.

 

Beroketako eta saskibaloiko entrenamenduetako bestelako mementoetako elkarrekintzak aztertu ondoren, ikertzaileek zera ondorioztatu dute: helburu komuna partekatzeak lankidetza-jarrerak ohiko bihurtzen ditu kultura-aniztasuneko giroetan. Talde-kirola ardatz hartuta (saskibaloia kasu honetan) elkarri laguntzeko eta animatzeko elkarrekintzak sustatzen direla frogatu dute Cllaghanek eta kideek. Saskibaloi-taldeko kide bakoitzak bere kulturan propioak diren adierazpideak edo hitz egiteko erak kantxan partekatzean, adierazpideok kirol horren terminologia teknikoarekin nahasten dira eta elkarrekin eraginkortasunez komunikatzeko moduak lortzen dituzte.

 

Oro har, kirolen arauek eta diziplinak kirolarien arteko elkarlaguntza sustatu dezaketela ondorioztatu dute ikertzaileek. Alde batetik, batak bestearengandik ikasteko aukerak areagotzen direlako entrenamendu-saioetan, eta bestetik, talde-kohesioa indartzen duten jardunbideak garatzen direlako (garaipenak eta porrotak partekatzen baitira). Hala, aniztasun handia duen eta gatazkatsutzat hartzen den auzo bateko mikroklima sakonki aztertzean, elkarlaguntza nagusi den giroa dagoela frogatu dute.

Egilea: Iker Goya

Iker Goya Zapirain