Gizon-emakumeen interakzio soziala besteon ongizatearekiko arduran oinarritzen da. Ondorio horretara iritsi ziren Zuricheko Unibertsitateko Ernst Fehr eta Helen Bernhard eta Erfurteko Unibertsitateko Bettina Rockenbach 2008an egin zuten ikerketan. Baina, zein egoeratan eta testuingurutan gertatzen da hori? Adinarekin aldatzen al da? Zenbat urterekin hasten da ardura hori modu kontzientean hartzen? Generoari erreparatuz, nesken eta mutilen arteko desberdintasunik ba al dago? Nature aldizkarian argitaratu zuten ikerketa horretan gai horiek aztertzen dira eta hainbat erantzun ematen dituzte.

Eboluzioari buruzko ikerketen arabera, bai genetikak bai kulturak eragina dute gai horietan. Altruismoa eta talde-izaera sustatzen dituzte, eta horiek handitu ahala handitzen da lankidetza eta besteonganako ardura. Adinarekin korrelazio positiboa du: zenbat eta nagusiagoa izan, orduan eta gehiagotan gertatzen da eta berdintasunean oinarritutako egoera gehiago egoten dira.

Emaitzek agerian uzten dute bost urtetik aurrera handitu egiten direla berdintasunaren aldeko jarrerak. Are gehiago zazpi eta zortzi urte dituztenean, hain zuzen, umeen goi-mailako kognizio eta eskema mentalak garatzen hasten direnean. Besteen ongizatearekiko ardura handitzen da eta, horri lotuta, enpatia garatzen da.

“Jolas prosoziala” izeneko ikerketa-proban, hiru eta lau urte inguruko umeek era berekoian jarduten dutela erakusten dute emaitzek. Bost eta sei urte dauzkatenean,  berriz, jokabide hori aldatuz doala ikusten da. “Inbidia-jolasa” izeneko ikerketa-proban ere antzeko zerbait gertatzen da. Bost eta sei urte zeuzkaten ume gehienek partekatu egiten zuten. Eta zazpi eta zortzi urtekoen kasuan ere nahiago zuten “Jolas prosoziala” berdintasunean egin.

Generoari erreparatuta, mutilengan inbidia handiagoa antzematen da. Badirudi mutilek berdintasuna barneratzen dutela gizartean ditugun arauak ikastean, adituek edota eskolek hori bultzatzen dutelako.

Txinpantzeekin egindako ikerketekin alderatuta, gizon-emakumeok altruistagoak eta berdinzaleagoak izan ohi gara. Ezaugarri bereizgarri horri esker, apartekoak gara, aparteko izaki bizidunak.

Egilea: Idoia Uriarte

2018-03-22-PHOTO-00000047