Eskolako jolastokia, gune hezitzailea

1998-99 ikasturtean, ikasleek ikaskideekin zituzten jarrerengatik kezkatuta, azterlan bat egin genuen eskolako komunitatearen partaidetzarekin, eta ikasleen jokabide eta harreman motak aztertu genituen jarrera negatibo gehienak biltzen zituzten guneak antzemateko. Jolastokian ikasleek harremanak izaten dituzte euren ikaskideekin, bat-batean eta askatasun osoz, han ez baitago pertsona heldurik. Hala ere, ikasleen arteko irain, borroka eta mehatxu gehienak hantxe gertatzen ziren, mutilek neskei egindako abusuak eta zaharrek gazteagoei egindakoak, neska-mutil batzuekiko isolamendua eta bazterkeria, eta gatazka txikiak. Ikasgelara itzultzean, tutoreek egoera horiek bideratu behar izaten zituzten, eta kasu batzuetan denbora luzea behar zen bizikidetza berreskuratu arte.

Hori dela eta, eskolako jolastokia 3 gune hauetan zatitu dugu: aterpea, pilotalekua eta jolastokia. Goizeko jolasgaraia bi txandatan: lehena, Lehen Hezkuntzakoa eta, bigarrena, Haur Hezkuntzakoa. Jantokiko jolasgaraia bi txandatan banatuta dago eta hainbat adinetako ikasleak daude.

Bi jolasgaraietan oinarrizko ezaugarriak eta arauak berdinak dira, nahiz eta antolaketa jantokiko ordutegi eta txandetara egokitu behar izan den.

Jokoak egiteko, ikasleak jolastokiko guneetan banatzen dira zikloaren arabera.Jolastokiko proiektuaren koordinatzaileak gune-banaketaren asteko egutegia aurkezten du astelehenero.Bestalde, egunero arduratzen da programatutako jokoetarako beharrezkoak diren materialak kutxetan daudela ziurtatzeaz. Jolas-txanda baino 5 minutu lehenago, gela bakoitzeko ikasle arduradunak jolastokira jaisten dira koordinatzailearengana materiala ateratzera eta dagokion gunean kokatzera. Jolastokira irteten direnean denek begiratzen dute zein gunetan dagokien jokatzea eta zein den proposatutako jokoa. Nahi baldin badute, jokoan parte hartzen dute, eta, nahi ez badute, beste jarduera batzuk egiteko askatasuna dute, baldintza bakar batekin: antolatutako jokoak ez oztopatzea. Amaitzen dutenean, denek jasotzen dituzte erabilitako materialak eta ikasle arduradunek materialaren kutxa gordetzen dute.

Jokoak hautatzeko kontuan izan ditugu joko lehiakorrak murriztea, lankidetza-jokoak zabaltzea eta mutil eta neskentzako jokoak izatea. Jolasgaraia une bikaina da ikasleen jokabidea aztertzeko eta, irakaslearen begirada hezitzaileaz baliatuta, behar dutenean egoerak bideratzen laguntzeko.

 

Programa martxan jarri ondoren aldaketak nabaritu ditugu egunerokotasunean: astialdia pasatzeko modu dibertigarriak ikasteaz gain, gatazkak urritu eta neska-mutilen arteko harremanak normalizatu dira. Beraz, oso baliagarria izan da gure eskolaren funtzionamendurako.

Egilea: Zamakola HLHI

Be the first to comment on "Eskolako jolastokia, gune hezitzailea"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*