Jakin badakigu jolasa garrantzizko ekintza dela, bereziki umeentzat. Baina, zein puntutaraino ikertu da digitalak ez diren jolasen efektua 4 eta 9 urte bitarteko umeengan? Galdera horri erantzuteko, Kuen-Lai, Fong-Anf, Yee-Por eta Sun-Liew ikertzaileek 2004. eta 2014. urteen artean gaiaren inguruan egindako 43 ikerketak aztertu zituzten.

Gaiaren inguruan orain arte ikertu dena ezagutzeko, Lai-k eta kideek ikerketa bakoitzeko hiru informazio motari erreparatu zioten: adin-taldea, jolas mota eta jolasak ikasketa-mailan izan dezakeen efektua. Hala, topatutako 43 ikerlanak sakonki aztertzeari ekin zioten.

Adin-tarteari dagokionez, jolasaren inguruko ikerketek adin-talde batean jartzen zutela arreta ohartu ziren: 4 eta 6 urte bitarteko umeengan, hain zuzen ere. Haur Hezkuntzako bigarren zikloa da gaiaren inguruko ikerketa gehien biltzen duen eskola-maila.

Jolas motaren inguruan, ikertzaileek aniztasun handia topatu zuten aztertutako lanetan:

  • Mugimendu errepikakorretan oinarritutako jolasak, hala nola dantza, saltoa edo korrika.

  • Eraikuntza-jolasak. Objektuak manipulatzearen bidez eraikuntzak sortzea, hala nola Legoak edo eskulanak.

  • Jolas sinbolikoa edota drama-jolasak, non parte-hartzaileak aukeratutako pertsonaiaren azalean jartzen diren.

  • Esploratze-jolasak. Jolas horien helburua esploratzeko, behatzeko edota ikertzeko prozesuan informazioa lortzea da. Horien adibideak dira esperimentuak, ipuin-kontaketa eta dominoak.

Bestalde, aztertutako ikerketen % 69,8ren arabera, talde-jolasek umeen garapen kognitiboaren alde egiten dutela ondorioztatu zuten Lai-k eta kideek, bai eta behatutako bi adin-taldeetan komunikazio-gaitasunaren eta garapen psikomotorraren inguruko ikerketa gehiago beharko liratekeela ere. Horretaz gain, aztertutako ikerketen % 93k begirale baten presentziaren garrantzia azpimarratzen dute, heldu horren laguntzarekin jolasaren bidezko ikasketak susta daitezkeelako, bai eta aldez aurretik eskuratu dituzten ezagutzak indartu ere.

Bukatzeko, jolas ez-digitalek umeen ikasketa- eta garapen-prozesuetan duten eragina ikertzen jarraitzeko gonbita egiten dute Lai-k eta kideek, ekintza mota horien baldintza idealen inguruko ebidentzia zientifikoak sendotzearren.

Egilea: Andrea Khalfaoui

Andrea 2017