Memento honetan, elkartasunak funtsezko papera du gizarte-arazo larriak, haien artean genero-indarkeria, ikusarazteko eta gainditzeko.

Genero-indarkeria prebenitzeko topatu ahal ditugun ekarpen zientifikoen artean, elkartasunaren garrantzia azpimarratzen da bereziki. Elkar adoretzen, aintzat hartzen eta babesten duten emakumeen edo neska nerabeen talde batek aukera handiagoa du hezkuntzako arrakasta lortzeko, autoestimua hobetzeko eta harreman parekideagoak bilatzeko, eta arrisku txikiagoa du bizitzan genero-indarkeria jasateko (Elena Duque, 2006).

Gero eta eskola nahiz institutu gehiagok bultzatzen dugu elkartasunean oinarritutako harremanak sortzea elkarrizketarako espazioak irekiz. Testu zientifikoetan oinarrituta, literatura-solasaldien bidez, edo, besterik gabe, albisteetan edo filmetan oinarrituta, neska gazteak gehien kezkatzen dituzten gaurkotasun-gaiei buruz hausnartzen dugu, hala nola indarkeriari, harremanei edo amodioari buruz. 

Haien ahots guztiak berdintasunez tratatzen badira eta, indarkeriarekin gabeko sozializazioari dagokionez, ebidentzia zientifikoekin interakzioa badute, inguruan dutenaren aurrean kritikoagoak eta askeagoak izaten dira. Aldi berean, euren testuinguruak eraldatzen dituzte eta seguru izatea ahalbidetzen dieten sareak eratzen dituzte. Ikasleak ahalduntzen dira, elkarrizketak indar-posiziorik gabeko aholkuez hornitzen dira, benetako lagunez, eta aurrera egiten jarraitzeko beharrezko egitura bihurtzen dira sare horiek. Horrela, pertsona hobe bilakatzen dira. Nerabe batek hauxe esan zuen:

Aurten asko hitz egin dugu emakumeen elkartasunari buruz. Lehen asko kritikatzen genuen elkar, ilea ebaki duen ala ez, norekin musukatu den ala ez den musukatu… Sororitatearen esanahia ikasi nuenetik, hots, emakumeen arteko ahizpatasuna, egia da aldaketa igarri dudala nigan; orain, nahiz eta lantzean behin pentsamendu horiek burura etorri, behintzat ez ditut esaten, kostatzen zait, eta lantzen jarraitu behar dugu, beti egin izan dugulako eta zaila delako aldatzea (…). Indarrak elkarri min emateko erabiltzen baditugu, ez dugu ezer lortuko, baina energia elkarri laguntzeko eta guztion artean babesteko erabiltzen badugu, dena aldatuko da.

Espazio horietan, neska nerabeek, nahi izanez gero, bizitza osorako sareak ehuntzen dituzte. Eta emakumeok, inguru positibo eta eraldatzailean gaudenean, horrela bilakatzen gara indartsuago eta horrela sortzen dugu geure buruaren irudi positiboa.

Blanca Fabrék El Diario Feministan argitaratutako artikulua itzulita eta moldatuta.

Egilea: Blanca Fabré

BlancaFebre-1-150x150