Eraginkorra al da KiVa programa ikasleen arteko jazarpena gainditzeko?

Bullying-a ekiditeko esku-hartzea ez da nolanahiko kontua ikasle, familia, irakasle eta ikertzaileentzat. Ikertzaileek zientzian oinarritzen diren ebidentzia zientifikoak lortu nahi dituzte, biktimen egoera hobetu ahal izateko. Beraz, KiVa programaren eraginkortasuna lehen aldiz aztertu zuen ikerketaren emaitzak esanguratsuak dira.Argibideak ematen ditu inguruan dauden ikaskideek zer egin eta nola jokatu garbi izan dezaten, biktimaren alboan behar bezala kokatu ahal izateko.

Finlandiako eskoletan KiVaren eraginkortasuna aztertu zuten Antti Kärnäk, Elisa Poskipartak, Anne Kaljonenek eta Christina Salmivalik (Turkuko Unibertsitatea, Finlandia), Todd D. Littlek (Kansaseko Unibertsitatea) eta Marinus Voetenek (Radboud Nijmegeneko Unibertsitatea, Herbehereak). Finlandiako 429 eskolak hartu zuten parte, eta,guztira, 9 eta 11 urte arteko 8.237 ikasle izan zituzten aztergai.

KiVa hainbat zentzutan da eraginkorra, batez ere 10 eta 11 urteko ikasleekin, ikerketa horrek frogatu duenez. Ikerlarien arabera, ikerketa gehiago egin behar dira ikusteko beste testuinguru batzuetan eta beste herri batzuetan antzeko emaitzak lortzen diren.

Aldaketarik adierazgarriena da biktimizazioak behera egiten duela. KiVa programako ikasleak biktimen aldean jarri ziren eta laguntza emozionala eta enpatia eskaini zizkieten. Esku-hartzeak iraun zuen hilabeteetan, KiVa programa egiten zen bitartean, eskoletan hainbat ekimen antolatu zituzten, eta egoera esanguratsu ugari bizi izan zituzten. Eskola-orduetan mahai-inguru asko eta beste askotariko elkarrekintzak egin zituzten gertatzen ziren egoeren inguruan hausnarketak egiteko -zenbaten behin ematen zen egoera bat, zergatik ziren onartezinak jarrera batzuk, horrela jokatzeak zer ondorio izan ditzakeen…- baina, batez ere, zergatiak arrazoitzen zituzten.

Horrez gain, ikerketa horren emaitzek argi erakusten dute mutilek jazarpen-jarrera gehiago izaten dituztela.

Dakigunez, eskola jazarpena deuseztatzeko ikusleek daukaten papera ezinbestekoa da. KiVak ikaskideen jarrerak zer-nolako eragina duen egiaztatu nahi izan du. Horrela, erasotzaileari erakargarritasuna kentzen zaio eta, hori dela eta, biolentzia-kutsua duten jarrerak ekiditen dira, erasotzaileak bere ikaskideen onarpena ikusten ez duelako. Erasotzaileari errefortzu positiboa eman beharrean, lekukoek biktimari eman behar diote laguntza eta haren alboan egon behar dira. KiVa gai da hainbat egoera eraldatzeko, pentsamenduetan ez ezik, jarreran ere eragiteko ahalmena duelako (Merrell et al. 2008).

Egilea: Idoia Uriarte

2018-03-22-PHOTO-00000047

Be the first to comment on "Eraginkorra al da KiVa programa ikasleen arteko jazarpena gainditzeko?"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*