Irakurtzea ona dela eta ekartzen dizkigun onurak askotarikoak direla gauza jakina da. Irakurketa hori etxean, seme-alabekin batera, modu partekatuan egitea azken horientzat mesedegarria dela dioten ikerketak ere badaude.

 

Beste ikerketa batzuek, ordea, argi adierazten dute ikasle askok eskola uzterako irakurketarekiko harremana guztiz edo ia guztiz galtzen dutela eta euren burua irakurle txartzat hartzen dutela. Ikasle horiek helduarora iritsi eta guraso bihurtzean, nola eragiten diote elkarri euren buruaz duten irakurle-irudi horrek eta seme-alabekin egiten duten irakurketa partekatua?

 

Hori argitzen du Levy, Hall eta Preece ikerlarien ikerketak. Horretarako, 3-5 urte arteko seme-alabaren bat duten 29 familiarekin egin dute lan, eta informazioa lortzeko, elkarrizketaren teknika erabili dute. Elkarrizketa horien bitartez, ikusi ahal izan dute irakurketarekin arazoak zituztela aitortu duten guztiek, seme-alabekin batera irakurtzearen ondorioz, irakurketarekiko harremana hobetu dutela, hau da, “irakurketa” kontzeptua positiboki aldatu dutela.

 

Guraso askok eskola-garaia izan dute aipagai, eta azaldu dute jendaurrean irakurtzeak eta gainerakoek epaitzeak presioa eragiten ziela, akatsak egiteko beldur izateraino. Behartutako irakurketak zirela ere aipatzen dute, eta horren ondorioz, gogoz kontra egiten zutela. Seme-alabekin egiten duten irakurketa partekatuaz hitz egiten dutenean, aldiz, irakurketa erraza, atsegina eta lasaia dela diote. Gustura egiten dute, inork behartu eta epaitu gabe. Are gehiago, kasu askotan irakurketa-une hori solasaldi-une bihurtzen da, liburua aurrean eta istorioaren testuinguruaz baliatuta, eguneko kontuez aritzeko, abesteko… Hala, irakurketa ez da deskodifikazio-prozesu hutsa, esperientzia zabalago batean txertatzen den ekintza ere bada. Ez da harritzekoa, hortaz, guraso horiei orain duten irakurketarekiko harremanaz galdetuta, nabarmen hobetu dela erantzutea.

Emaitza horietan oinarrituta, ikertzaileek gomendatzen dute, irakurketa partekatua sustatzeko esku-hartzeak diseinatzeko orduan, arreta bi puntutan jartzea. Batetik, gurasoak adoretu behar dira irakurketa partekatua eguneroko bizitzan txertatzeko, eurei nahiz seme-alabei behar bezala egokituta, betiere ekintzaren gozamenari garrantzia emanez. Eta bigarrenik, seme-alabek irakurketarekin izan dezaketen harremana galduko ote duten beldur izan beharrean, eta seme-alabekin lortzen dituzten interakzioen garrantzia goraipatu behar dute.

Egilea: Lander Azkue

1521482564734_adobe (2)