Literatura eta haurtzaro goiztiarra: Liburu Baby Kluba-ren esperientzia

Liburu Baby Kluba proiektua 2009an sortu zen literatura haurtzaro goiztiarrean sustatzeko helburuarekin. Bederatzi urte pasatu dira jada Donostiako haur-liburutegi nagusian lehenengo saioa egin zenetik: 0-3 urte bitarteko 14 haurrekin eta euren ama, aita edota zaintzaileekin, ipuinek irekitzen dituzten fantasiazko munduak deskubritzeko irrika asebete zuten.

Gaur egun, Liburu Baby Kluba proiektua Donostiako liburutegi publikoko sarera zabaldu da, bai eta Gipuzkoa zein Bizkaiko beste kultur etxe batzuetara ere. Azken ikasturtean (2017-2018), 4.518 pertsonak hartu du parte (2.192 haur eta 2.326 heldu) egin diren 195 saioetan.  

Saioak doakoak dira eta helduen eta haurren arteko elkarrekintza dute oinarri. Liburutegi bakoitzean ipuinek, kantek eta errimek betetzen dute haur-liburutegiko espazioa astero ordubetez. Saioak eleanitzak dira eta egitura berari jarraitzen diote. Hasteko, euskarazko errima eta kanta motz batzuek ongietorria ematen diete partehartzaileei. Jarraian, saioko lehenengo ipuina kontatzeari ekiten diote dinamizatzaileek, betiere haur eta helduak kontaketaren parte bihurtuz.  Ondoren, kanten eta hitz jokoen bidez hurrengo ipuina aurkezten da, erderaz. Horretan ere, heldu eta umeen parte hartzea eskatzen da eta hainbat bide erabiltzen dira: mimika, errepikapenak eta zenbaketa motzak, besteak beste. Ingelesez ere kantak eta jolasak proposatzen dira ingelesezko haur-literatura  aurkezteko. Goi-mailako kalitatezko jostailuek eta adinari egokitutako ipuinek proiektuaren helburuarekin bat datorren espazioa sortzen laguntzen dute.  Saioetan, umeek horiekin ibiltzeko eta esploratzeko tartea hartzen dute. Saioen egitura zehatza izan arren, malgua ere bada; izan ere, badira beste hizkuntza batean ipuinak kontatzera animatzen diren gurasoak.

Liburu Baby Kluba proiektuak kultur eta jatorri anitzeko ume eta familiak biltzea lortu du azken urteetan. Liburutegi publikoen erabilera sustatzeaz gain, haur-literatura gerturatzen die hainbat familiari, ume txikien onurarako. Datorren ikasturteko saioak urrian hasiko dira.

Egilea: Ana Molina

Ana

Be the first to comment on "Literatura eta haurtzaro goiztiarra: Liburu Baby Kluba-ren esperientzia"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*