Ikas Komunitateen proiektua 2011. urtean heldu zen Ingalaterrara Rocío García Carrión-en eskutik. Bertan Linda Hargreavesek (Cambridge Unibertsitateko irakasleak) zuzendutako ikerketan parte hartu zuen.

Proiektuak ChiPe Project zuen izena: Children’s personal epistemologies: capitalising on children’s and families’ knowledge in schools towards effective teaching and learning. Proiektu honen helburua Hezkuntzako Jarduera Arrakastatsuen (HJA) eraginkortasuna eta transferigarritasuna erakustea zen. HJAak CREA taldeak INCLUD-ED proiektuaren bidez ikertu zituen).

Bi ikasturtetan zehar, East Angliako sei eskoletan Tertulia Literario Dialogikoak eta Talde Elkarreragileak martxan jarri eta lagundu zituzten. Eskolen lagina  diseinatzerakoan, errealitate anitzak hartu nahi izan zituzten kontuan; hala nola, landa-eskolak, hiriko eskolak, eskola txikiak, handiak, dibertsitate handikoak eta homogeneoagoak. Hezkuntzako Jarduera Arrakastatsuei buruzko ikerketak eta ChiPe proiektuko emaitzak bat datoz: ikaskuntza hobetuz kohesio soziala eta bizikidetza ere hobetu egiten dira.

Emaitza on horiek publikoki aurkezteak eragina izan zuen. Cambridgeshire konterriko gobernuak HJAen inplementazioan inplikatu nahi zuela adierazi zuen. Horrela egin zuten bi europar proiekturen bidez, ERASMUS+ programak finantziatuta: SEAS4ALL, lehenengoa, eta STEP4SEAS, oraindik martxan dagoena. SEAS4ALL proiektuan Eusko Jaurlaritza bazkideetako bat izan zen, hain zuzen ere.

Cambridgeshireko gobernuaren inplikazioari eta proiektuei lotutako bi eskolaren (Spinney Primary School eta St Luke´s Primary School) parte-hartze aktiboari esker, Ikas Komunitateak 25 eskolekin saretu dira, eta horietatik 15etan aplikatzen ari dira HJAak. Haietako bi eskolak, gainera, eraldaketa faseak igaro dituzte, eta jada ikas komunitate osoarekin amestu dute euren auzorako zein eskola mota nahi duten.

“Ingelesez” egindako amets horiek ez dira bereizten Brasilgo, Espainiako edo Italiako Ikas Komunitateetan egiten direnetatik: ikaskuntza gehiago, aukera gehiago, elkarbizitza hobea. Eta ez dira ezberdinak lortzen dituzten eraldaketak: eskola-emaitza hobeak, parte-hartzea areagotzea, gatazken beherakada.

Unibertsalak eta transferigarriak, horrelakoak dira HJAak, ikerketan oinarrituak, munduko 13 herrialdetan 1000 eskola baino gehiagotan, hezkuntza hobekuntza erakutsi dutenak.

Egilea: Maria Vieites