Talde elkarreragileak: ikasle etorkinen arrakastarako bidea

A group of very happy children on a white background.

Egungo gizartean kultura aniztasuna errealitate ukaezina da: kultura askotako pertsonekin lan egitea edo ikastea geroz eta ohikoagoa da. Eskoletan ere hainbat kulturetako ikasleak daude. Egoera horretan, nola sustatu ikasle horien arrakasta akademikoa eta elkarbizitza? Diana Valero, Gisela Redondo-Sama eta Carmen Elboj ikertzaileek inguru dialogikoetan sakontzen dute ikasle etorkinen arrakastarako laguntzen duten faktoreei erreparatuz, bai eta elkarbizitza sustatzen dutenei ere. Ikerketak talde elkarreragileak aztertu ditu. Talde elkarreragileetan elkarrekintza eta berdintasuna dira gela antolatzeko ardatzak.

Ikerketa CONEXITO izeneko proiektu zabal baten parte da. Proiektu honek aurreikusi zuen talde elkarreragileek potentzial handia zutela elkarbizitza sustatzeko. Bestalde, talde elkarreragileak aztertu izan direnean, helburuetako bat izan da egiaztatzea ea testuinguru guztietan ondo funtzionatzen duten. Ikerketa honetan parte hartu zuten eskoletan ikasle etorkinen kopurua %30etik gorakoa zen. Emaitzek diotenez, talde interaktiboetan parte hartzearen ondorioz, ikasle etorkinen zein bertakoen ikasketa mailak gora egin zuen, baina, gainera,  elkarbizitzak ere hobera egin zuen.

Ikerketan parte hartu zuten ikasleen arabera, arrakasta akademikoa lortzeko ezinbestekoak dira bai irakasleekin eta familiekin ematen diren elkarrekintzak, bai kideen laguntza. Hein batean, horixe da talde elkarreragileetako dinamizatzailearen ardura: kideen arteko laguntza sustatzea, berdintasuna bermatzearekin batera.

Bestetik, elkarrekintzan oinarritzen den dinamika honetan parte hartzeak lagundu egiten du hainbat kulturetako ikasleak hobeto ezagutzen. Talde elkarreragileek arrazakeria, bullying-a eta aurreuste negatiboak alde batera uztera bultzatzen dute, ikasteko eta hazteko giro ezin hobea lortuz. Izan ere, ikerketan frogatzen denez, giro horretan gertatzen diren elkarrekintzek ikasleen motibazioa eta autoestimua sendotzen dituzte eta, aldi berean, emaitza akademikoak ere hobetu egiten dira.

 

Honekin guztiarekin frogatzen da elkarbizitza hobetzen den bitartean, talde elkarreragileek ikasle etorkinen ikasketa maila hobetzen dutela. Jakina da oso garrantzitsua dela ikasle etorkinen arrakasta akademikoa sustatzea. Kontuan hartu behar da curriculumeko edukiez gain, gehienetan hizkuntza eta ohitura berriak ere ikasi behar izaten dituztela.

Egilea: Andrea Khalfaoui

Andrea 2017

Be the first to comment on "Talde elkarreragileak: ikasle etorkinen arrakastarako bidea"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*