Ikasleen ikasketa-prozesuan laguntzeko, irakasleek eskola testuak moldatu behar izaten dituzte sarri bigarren hizkuntza ikasten ari direnentzat. Moldaketa horiek egitea ez da lan erraza izaten eta hainbat zalantza sor daitezke prozesuan zehar.

 

Yano, Long eta Ross-en artikulu batean, bi eratako moldaketak bereizten dira: sinplifikazioa (simplification) eta egokitzapena (elaboration). Autoreek egindako ikerketa-lanak erakusten duenez, biek laguntzen diote ikasleari testua errazago ulertzen. Alabaina, bigarrenak, hau da, testu egokitzapenak, abantaila gehigarriak eskaintzen dizkigu hizkuntza ikasteko orduan, eta, beraz, baliagarriagoa izan ohi da bigarren hizkuntza ikasten ari diren ikasleentzat. Ikus ditzagun, bada, bataren eta bestearen ezaugarriak; eta, batez ere, egokitzapenak, sinplifikazioarekin alderatuz, dakartzan abantailak.

 

Sinplifikazioa alderdi linguistikoan oinarritzen da batik bat. Lexikoari dagokionez, hiztunak oraindik ezagutzen ez duen hiztegia saihesten da, maiztasun handiko hitzak lehenetsiz. Ildo beretik, alderdi morfosintaktikoan, esaldi motz eta bakunen alde egiten da. Egokitzapena, ostera, linguistikoki konplexuagoa izan daitekeen arren, kognitiboki sinpleagoa da, eta horrek, ulermena errazteaz gain, hizkuntza-gaitasuna garatzeko aukera eskaintzen dio irakurleari.

 

Egokitutako testuek sinplifikatutakoek baino hitz gehiago erabiltzen dituzte. Era berean, egokitutako testuak, sinplifikatutakoak ez bezala, jatorrizkoak baino luzeagoak izan daitezke, perpaus bakunak bakarrik erabili beharrean, menpeko perpausak ere erabiltzen baitira testuak hala eskatzen duenean. Esaldi luzeagoak izanagatik ere, irakurlearentzat testua ulergarria izan daiteke ezezagunak zaizkion hitzen esanahiak argi azaltzen badira edota testuko kontzeptu garrantzitsuenak behar bezala azpimarratzen badira. Autoreek diotenez, era honetako testuak errazago prozesatzen dira eta hizkuntzaren erabileraren eredu errealistagoa ematen dute esaldi sinplez osatutako testuek eman dezaketen itxura artifizialaren aldean.

 

Egokitutako testuetan, moldaketak hizkuntzari edota hizketa/diskurtsoari lotutakoak izan ohi dira. Hizkuntzari dagokionez, honakoak izan ohi dira moldaketa nabarmenenak: alderdi fonologikoan ahoskera zainduagoa, forma oso gehiago eta kontrakzio gutxiago erabiltzea; alderdi morfosintaktikoan hitz eta perpaus gutxiagoko esaldiak osatzea eta hitz hurrenkera kanonikoa erabiltzea; eta alderdi semantikoan, anbiguotasuna sor dezaketen izenordainak izenekin ordezkatzea. Hizketari/diskurtsoari dagozkion moldaketak, berriz hauexek dira:  diskurtsoa orain eta hemen egituratzen da, galdera gehiago egiten dira (tartean ulermena bermatzekoak), topiko-aldaketa markatuagoak, errepikapen gehiago, adierazpen argigarriak, eta abar.

 

Laburbilduz, egokitzapenaren bidez, irakasleak inputa bera moldatzen du. Lexikoaren eta sintaxiaren konplexutasuna mantendu egiten da, baina konplexutasun hori traba izan ez dadin, testuaren mezua azalpen gehiagoren bidez  argitzen da.

Egilea: Ane Odria

Ane Odria