Hasieran, Kieran Egan ez zen konturatzen zerk ez zuen funtzionatzen. Liluratuta zegoen. Hainbeste maite zuten Piaget. Hain distiratsua eta freskagarria zen hark azaltzen zuena… Urteak pasa zituen Kieran Egan-ek Piageti buruz miresmenez hitz egiten. Baina pixkanaka susmo txarra piztu zitzaion. Lehenik, pentsatu zuen ikasleek ez ziotela ondo ulertzen Piageti buruz esaten zuena. Baina ez, ondo ulertzen zioten, eta, hala ere, ikasle argienentzat ere ez zen eraginkorra, ez zuen funtzionatzen. Arazoa beste bat zen. Arazoa Piaget bera zen.
Nork ez du entzun ezinbestekoa dela sinpletik konplexura joatea? Zehatzetik abstraktura? Ezagutzen dugunetik ezagutzen ez dugunera? Hezkuntzan diharduen jende askok uste du horrela dela. Baina ideia horiek ba al dute oinarri sendorik?
Batetik, ideia horiei buruz patxadaz hausnartzen badugu, konturatu gaitezke ez direla zentzuzkoak, Eganek dioenez. Lehendik dakigunaren gainean bakarrik ikas badezakegu, ez dago prozesu hori hasteko inolako aukerarik. Baina, noski, hori ere ez da horrela. Haurrek sarritan ikasten dituzte aurretik zekizkiten gauzekin loturarik ez duten gauzak. Berritasun maila txikitzeak ez du ezer konpontzen. Bestalde, haurrak ez daude soilik beren egunerokotasun hurbilean murgilduta. Irudimenez eta emozioz gainezka daude. Horregatik konektatzen dute hainbeste munstroekin, hitz egiten duten animaliekin, alegiazko munduekin… Eta ideia abstraktuak ikasteko gai dira oso txikitatik. Horrez gain, ikastea ez da pieza bat beste baten gainean jartzea bezain prozesu lineal eta ordenatua. Kolpeka ere gertatzen da, saltoka, espero ezin zitezkeen bideetatik.
Bestetik, Eganen arabera, kontuz ibili behar da planteamendu tranpatiak egiten dituzten ikerketekin. Demagun ikerketa baten abiapuntua honakoa dela: ikasle azkarrenak gai dira gauza jakin batzuk ikasteko, eta ikasle motelenak ez, eta horren arrazoia da batzuek badauzkatela horri buruzko aurre-ezagutzak eta beste batzuek ez. Badakigu emaitzak zeintzuk izango diren, noski: ikasle “azkarrenek” gehiago ikasiko dute. Baina arazoa planteamenduan bertan dago: “ikasle azkarrenak” esaten duzunean, “gehiago ikasten dutenak” definitzen ari zara. Beraz, hau da ikerketaren hipotesia benetan: “normalean gehiago ikasten dutenek, besteek baino gehiago ikasiko dute”. Noski, bai. Baina ikerketa hori ez da ezer ikertzen ari. Besterik gabe, ideologia bat aldarrikatzen ari da. Hori da kutsatuta dagoen ibaiak bere uretan kutsadura dakarrela esatea bezala. Badirudi ezin dela bestela izan. Baina bai, kutsatutako ibaiak ere garbitu egin daitezke. Izan ere, esku hartzea eta eraldatzea posible da. Arazo ideologiko sakon bat dago aipatu dugun ikerketaren planteamenduan: ikaskuntza prozesuetan ezin dela esku hartu sinesten dute, eta, beraz, asko dakienak ikas dezakeela gehien, eta gutxiago dakienak askoz gutxiago ikasiko duela. Ideologia horretan sinesten duenak, praktikara eramaten duenean, desberdinkeria sustatzen eta indartzen du.
Piaget maitatzeari aspaldi utzi zion Kieran Egan-ek.
Egilea: Harkaitz Zubiri