Lanean daramatzadan 36 urteetan -Lauaxeta Ikastolako Zuzendaritzan azken 24 urtetan hezkuntza-bikaintasuna lortzeko egin dut behar. Nire iritzi apalean, esanguratsua izan den aurrerapauso bakoitzak hezkuntza-proiektuaren aldaketekin izan du lotura, baita zuzendaritza eta lidergoa ulertzeko moduaren aldaketarekin ere. Oroitzapenenetatik abiatuta, aldaketen hiru mugarri aipa ditzaket:
Lehenengoa izan zen zuzendaritza profesionala bermatzea eta hezkidetza-ikuspegi batetik aniztasunari erantzuna emateko lehenengo elkarbizitza-plana diseinatzea.
Bost urte geroago, bigarren mugarria, gobernantza-sistema aurrerakoi bat erabiliz plan estrategikoa aktibatu genuen, hezkuntza-proiektuan eta helburu amankomun batzuen inguruan irakasle guztiak inplikatzeko. Hortaz, Ikastolaren helburuen eta emaitzen jarraipena egiteko, maila guztien arteko koordinazio eraginkorra antolatu zen. Astero batzartuz, antolakuntzako bost eremuetan (departamentuak, tutoretzak, koordinazio pedagogikoak, zuzendaritza taldea eta berrikuntza taldeak), elkarlanerako ohitura berria sortu genuen.
Hirugarren mugarria, hobekuntza-helburuak lortu ahala garatu dugun maila eta etapen arteko ikasketa-kultura da, gaur egun daukaguna. Ikastolako hezkuntza-berrikuntza lideratzeko zeharkako hamabi talde eratu dira. Batzuk aipatze aldera: diziplina anitzeko unitateak; arazoetan oinarritutako ikasketa; ikasketa kooperatiboa; ebaluazioa, errubrika eta feedbacka; elkarbizitza-Kiva; ipad Project, portafolioa; eta hausnarketa bidezko ikasketa.
Talde guztietan etapa guztietako irakasleek hartzen dute parte. Zuzendaritzak hori bultzatzeko, ordutegiak egiterakoan lehenik irakasleen koordinaziorako denbora bermatzen du. Berrikuntza-proiektu baten inguruan sortzen denean talde berria, zuzendaritza-taldearen laguntza izaten du lehenengo hiruzpalau urteetan, aholkatzeko eta bideratzeko. Ondoren, talde bakoitzak modu autonomoan ekiten dio eta koordinatzaile bat izaten du. Berak taldearen lidergoa, kultura profesionala eta ebaluazioa bermatzen ditu.
Laburbilduz, zuzendaritza batek akatsak zuzendu eta ikastetxeko arautegia betearazi dezake, eta egin behar du. Baina horrez gain, egonkorra bada eta lidergo eraginkorra erabiltzen badu, ikasketa-emaitzak hobetu ahal izango ditu; izan ere, Hezkuntza-Proiektuaren zabalkunde eraginkorra koordinatuko duen lidergo sarea eratuko du; eta, gainera, irakasleen berrikuntza-kultura sustatuko du.
Hiru ikuspuntuak dira elkarren osagarri eta beharrezkoak: oinarrizkoa betetzen dela ziurtatzea; gauzak ondo egitea, eremu bakoitzean emaitza onenak lortzeko; eta, azkenik, guztia modu bereizgarri eta berritzailean gauzatzea.
Egilea: Maritere Ojanguren