Maitasuna arriskuaren gizartean

Zein pertsona-tipo da eredurik erakargarriena gure nerabeentzat eta zergatik? Nola lor dezakegu nerabeak mespretxu edo kalte egiten dieten pertsona horiengandik urrun daitezen? Jesus Gomezek galdera horri, besteak beste, erantzun dio “El amor en la sociedad del riesgo: una tentativa educativa” liburuan. Bertan aurkeztu du maitasunari eta harremanei buruz egin zuen ikerketa sakona.

 

Gaiaren inguruko teoria nagusiak abiapuntua izanik, eta nerabeen ahotsak kontuan harturik, haien harreman afektibo-sexualen hautaketan eta erakargarritasunean eragina duten faktoreen inguruan hausnartu du Gomezek. Horretarako, gazteek irakurtzen dituzten aldizkariak aztertzeaz gain, metodologia kualitatiboa eta dialogikoa erabili du. Horren bidez, nerabeek, anonimatutik, beren arazoen inguruan hitz egin dute, beren gurasoekin edo irakasleekin egingo ez luketen moduan.

 

Amodioa kimikak sortua, halabeharrezkoa eta aldaezina balitz bezala ulertzeak dakartzan ondorio kaltegarriak aztertzen dira liburuan. Ikerlariak planteatzen du ideia horiek eredu sozial nagusia osatzen dutela, eta nerabeek barneratzen dituztela. Baina, aldiz, amodioa gertaera soziala dela, gizartean ikasten dela, eta, ondorioz, aldatu daitekeela aldarrikatzen du Gomezek. Horrela, obra osoan zehar, maitasunaren kontzepzio positiboaren alde egiten du.

 

Bi harreman eredu nabarmentzen dira; alde batetik, tradizionala, eta, bestetik, alternatiboa. Eredu tradizionalean, aspalditik barneratuta ditugun jokabideak azaltzen dira; adibidez, gizonaren maskulinitate hegemonikoa, moral bikoitzari lotutako harremanak, erakargarritasuna lotzea harremanetan ematen diren engainuei edo indarkeriari. Aitzitik, eredu alternatiboak kontsentsua aldarrikatzen du, demokraziak eta harremanek sortzen duten aktoreen arteko adostasuna; hau da, berdintasunean oinarritutako ekintza komunikatiboa.

 

Eredu tradizional hori oso errotuta dago gure gizartean. Hortaz, sozializazio prozesuaren ondorioz, neska askok mutil bortitzak gogoko dituzte, nahiz eta horiek min emango dietela jakin. Mutilek, eredu horri jarraituz, neska ederrak bilatzen dituzte sexu-harremanak izateko. Azkenik, nerabeek pasioarekin eta bihotz-minarekin lotzen dute maitasuna.

 

Eredu hori desagerrarazteko asmoz, eredu alternatiboa proposatzen du Gomezek. Hartara, eskolaren esku-hartzea proposatzen du, eskola leku egokia delako beste bide bat lantzeko, maitasunaren eta minaren arteko lotura apurtzeko, berdintasunezko harreman afektibo-sexualak ezartzeko, eta horietan adiskidetasuna, ulermena, entzumena eta abar kontuan hartzeko.

 

Azken finean, horren guztiaren xede nagusia biolentzia saihestea eta gizartea hobetzea da. Hori lortzeko, ikasleek, irakasleek, familiek, hau da, gizarte osoak kontzientzia hartu behar du ezinbestez. Eta horretarako, elkarrizketan oinarritzea eta prestakuntza-guneak sortzea aldarrikatzen du Jesus Gomezek.

Egilea: Garazi Alvarez

garazi alvarez

Be the first to comment on "Maitasuna arriskuaren gizartean"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*