Bizkarreko eta lepoko mina ohiko osasun arazoak dira ikasleen artean. Lesio horiek sortzen laguntzen duten arrisku-faktoreak behatu zituzten Iman Dianat, Arezou Alipour eta Mohammad Asgari Jafarabadi ikertzaileek 2012an burututako ikerlanean. Ikasleriaren %30ek lepoko zein bizkarreko mina jasaten du. Lanaren helburua min horien oinarrian egon litezkeen arrisku-faktoreak ezagutzea izan zen.

Horretarako, 2012an Irango 40 eskola zoriz aukeratu zituzten ikerketa ahalik eta objektiboena izateko asmoz. Maila sozioekonomiko ezberdinetako 11-14 urte bitarteko 1.627 ikaslek parte hartu zuten, eta inkesta batzuk bete zituzten.

Emaitzek diotenez, bi arlotan multzokatu daitezke gaitz horietako arrisku-faktoreak: eskolako faktore arkitektonikoak eta ikasleen faktore psikosozialak.

Eskolako altzariek badute erantzukizun zuzena gai honetan. Inkestek jaso zutenaren arabera, aulki eta mahai altuegiek mina agertzen laguntzen omen dute. Aulkietako bizkarraldearen inklinazioak ere eragiten du. Halaber, arbela ondo ikusteko zailtasunek ere lepoko eta bizkarretako mina sor ditzakete. Motxiletan daramaten pisua baino, ikasleek soinean eramaten duten denbora dela arrisku-faktorea diote emaitzek: zama horrekin 30 minututik gorako ibilbideek mina sortu eta areagotu dezakete.

Faktore psikosozialen artean jarrera prosoziala dago. Ikasleen alderdi prosoziala aztertze aldera, jarrera arazoak, hiperaktibitatea eta kideekin gatazka bezalako gaiak jasotzen zituen inkesta bat bete zuten. Horren arabera, jarrera okerra erakusten zutenek bizkar zein lepoko mina adierazten zuten. Bestalde, astean 3-12 ordu bitartean telebista ikusten zutenek aukera handiagoa zuten horrelako minak sufritzeko, ikerketa honetako emaitzen arabera.

Horrekin guztiarekin, ikertzaileek agerian utzi dute eskolako altzariak eta faktore psikosozialak garrantzizkoak direla bizkarreko eta lepoko lesioak aurreikusteko edota gutxitzeko.

Egilea: Andrea Khalfaoui

Andrea 2017