Musikaz blai Lehen Hezkuntzan

Ikasturtean zehar hiru kontzertu prestatzen ditugu Txomin Aresti eskolan: Gabonetako eta Udaberriko Kontzertuak,  eta urtero ezberdina izaten den beste hirugarren bat. Kontzertu horiek gure proiektuaren ardatza dira.

Proiektu horren barruan, gainera,  ingelesa eta IKT integratzen ditugu: musika-saioak, Lehen Hezkuntzako 4. mailatik gora, ingelesez garatzen dira; eta musika-gelan gertatzen denaren berri ematen da astero txominarestimusika.blogspot.com.es  bidez, baita Facebook, Twitter eta Google+  sare sozialen bidez ere.

Gure eskolak Leioako kontserbatorioarekin partekatzen du egoitza eta musika-saioak kontserbatorioko gela batean izaten dira. Gainera, eskolako hainbat ikaslek kontserbatorioan ikasten du musika. Beraz, bi instituzioen arteko elkarlana oso estua da, eta kontzertu horien bidez gure ikasleek beren senideekin eta  musikari profesionalekin partekatzen dituzte musika-gela eta eskenatokia. Horrela, emanaldi formal eta ez-formal batean, ikasle guztiok musika-obra bat interpretatzeko eta musikarekin disfrutatzeko gai izatea lortzen dugu.

Hortaz, kontzertuek gelan egiten ditugun jarduera guztiei zentzua ematen diete:   

1. Entzunaldi aktiboan obra klasiko bat entzuten dugu saio guztien lehenengo 5-7 minutuetan. Lantzen ari garen proiektuarekin zerikusia daukaten obrak izaten dira (garai berekoak, konpositore berak konposatutakoak, eta abar).

2. Musika-mintzairari dagokionez, eskenatokira eramango dugun obra jo ahal izateko, behar ditugun konpasak, tonalitateak, dinamika, agogikoa, eskema erritmikoak eta abar lantzen ditugu.

3. Mota guztietako musika-tresnak erabiltzen ditugu: Orff tresneria, tresna sinfonikoak, herriko tresnak, tresna didaktikoak -boomwhackers-, eta kotidiafonoak. Batzuetan, gure gorputza ere  musika tresna bihurtzen da.

4. Abesten ditugun melodiak proiektuarekin erlazionatuta daude. Abesteko teknikak, posizioa eta arnasketa kontrolatzea, oinarrizko maila batean bada ere, ezinbestekoa da, eta horri ere garrantzi handia ematen diogu.

5. Gorputz-adierazpena. Nork bere buruarengan konfiantza hartzeko hainbat atal lantzen ditugu emanaldirako: norbera ondo sentitzea, auto-irudia hobetzen saiatzea baita gorputzaren eta mugimenduaren adierazpen-baliabideak estetikoki eta sormenez erabiltzea ere.

Hori guztia eginez, musika, ingelesa eta teknologia ikasteaz gain, inklusioa  ere lortzen dugu. Izan ere, musika-maila altua duten ikasleek oinarrizko maila dutenekin batera jotzen dute talde instrumentalean, zailtasun-maila desberdineko partiturak erabilita. Horrela, musikaren bidez, guztion aurrerapena lortzen dugu.

Egilea: Susana Abelairas

PHOTO-2018-05-28-18-23-47

Be the first to comment on "Musikaz blai Lehen Hezkuntzan"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*