Golden Globe saria jaso du “Isiltasunaren aurkako ahotsak” (“Voces contra el Silencio”) dokumentalak Hanburgoko World Media festibalean, gai sozialei buruzko dokumentalen atalean. Curro Aguilerak eta Enrique Pérez-ek zuzendu zuten, eta TVEk ekoitzi zuen. Gaur bertan, TVE 2an, 23:45ean, dokumentala berriro ikusteko aukera izango dugu.
Dokumentalak biktimen ahotsez baliatuz, genero-indarkeriaren inguruan dagoen isiltasuna apurtu du. Hainbat testuingurutan abusuak, jazarpenak edo eta agresioak pairatu dituen emakume talde batek ikusarazi nahi izan ditu bizipen horiek. Lekukotza guztietan azpimarratzen da isiltasuna apurtzea oso garrantzitsua dela indarkeria-mota guztiak desagertarazteko, baina, bereziki, genero-indarkeriaren kasuan.
Ana Viduk, dokumentalaren protagonistetako batek, adierazi du salaketa publikoa egiteko behar-beharrezkoa dela ingurukoen laguntza eta babesa. Vidu Bartzelonako Unibertsitateko ikasle zenean salatu egin zuen unibertsitateko irakasle batengandik denbora luzez pairatutako jazarpena. Baina okerrena salaketaren ondoren etorri zen. Instituzioak ez zion babesik eman biktimari, ezta bere alde jarri ziren lagunei ere. “Behin salaketa eginda, zure bizitza borroka bilakatzen da. Isiltzen irakasten dizute”.
Ana Viduk irakasle baten laguntzari esker lortu zuen salaketa aurrera eramatea. Baina orduan hasi zen bigarren mailako jazarpen anonimoa. Defendatzaileek eta euren familiek ere jazarpen gogorra eta krudela jaso zuten.
Txikitatik umeak biolentziarik gabeko guneetan heztea garrantzitsua da. Izan ere, adin guztietan da garrantzitsua. Baina bereziki unibertsitatean indarkeria kasu horiek errotik kudeatzea funtsezkoa da, hezkuntzako beste etapa guztien eredu baitira.
Egilea: Olatz Campos