Aurten Askartza Isusi eskolan Tertulia Literario Dialogikoak (TLD) martxan jarri ditugu, ingelesez, 6. mailan. eTwinning proiektuan sartuta, Europako beste ikastetxe batzuekin egiteko proposatzen ziren jardueretariko bat liburu bat irakurtzea zen. Dena den, liburuaren irakurketa nola egin zehazteke zegoenez, bakoitzak egoki zeritzon moduan egingo genuela erabaki genuen. Horrenbestez, nik ingelesezko irakaslea izanda, TLDen bidez irakurtzea adostu nuen.

Liburuaren bi bertsio izan ditugu eskura: ingelesezkoa fisikoki irakurtzeko, eta gaztelaniazkoa formatu digitalean, laguntza moduan erabiltzeko. Astero kapitulu bat landu dugu. Irakurketa saioa prestatzeko etxean kapitulu bakoitza ingelesez irakurtzen genuen bitartean, astean zehar Drive bitartez kapitulu bakoitzeko hiztegi taula bat bete dugu denon artean.

Gero tertulian bertan, kapituluak laburrak direnez, bakoitzak bere paragrafoa partekatu eta elkarrizketa sortu baino lehen, kapitulua ozenki irakurri dugu. Hasieran neuk egiten nuen, baina gerora, txandaka, ikasle batek kapitulua prestatu eta denen aurreko irakurketa adierazkorra egin du, ahoskera, erritmoa eta intonazioa kontuan hartuz, besteak beste.

Irakurri eta gero tertuliarekin hasi, eta moderatzaile zeregina ikasleen artean txandakatu dute. Aukeratutako paragrafoa ingelesez irakurri ostean, iritziak ere ingelesez ematen saiatu gara, ondoren denon arteko elkarrizketa garatuz.

Ingeleseko TLD horiekin abiapuntuko helburuak betetzea lortu dugu: hiztegia nabarmen aberastu dute; ahozkotasuna hobetu dute, eta irakurmena ere bai, zailtasunez izan arren; ingelesa gero eta era eraginkorragoz erabili dugu komunikatzeko; elkar hobeto ezagutu dugu, eta ezagutza kulturalak eta historikoak ere zabaldu eta garatu ditugu. 

Asteazkenero hainbat gairi buruz hitz eginez eta guztion iritziak errespetatuz oso gustura jardun dugu. Ikasleen arteko harremanak sendotu egin dira, denen artean esperientziak eta sentimenduak partekatuz. Taldekideen arteko aniztasuna nabaria izan arren, denon iritzia garrantzitsua dela ikasi dute.

Oso pozik nago lortutako emaitzekin. Ondoriotzat, esan nezake jarduera hau edozein testuingurutan eraginkorra dela, ez bakarrik baztertutako eremuetan (horrelako eskoletan egonda nagoelako ere esan dezaket). Horrelako tertuliak lantzen jarraituko dudalakoan nago, auskalo zein hizkuntzatan, baina interakzio dialogikoen bitartez bai behintzat!

Egilea: Maitane Larrauri