Gauzak ondo azaltzen dituen irakaslea ez da derrigorrez zientziako irakasle ona. Eskola askotan ohikoa da irakasleak denbora gehiena azalpenak ematen pasatzea, eta suposatzen da ikasleek adi entzun, ondo ikasi eta betiko gogoratu behar dutela irakasleak esan diena. Beraz, eredu horretan gakoa da irakasleak kontzeptu zientifikoak garbi azaltzea. Baina, beste ikerketa askoren emaitzekin bat eginez, Gordon Wells-ek ondorioztatu du eredu hori ez dela eraginkorra.

 

Wellsek beste eredu bat proposatzen du: gakoa kontzeptu zientifikoak erabiltzea da, ez irakaslearen burmuinetik ikasleen burmuinera transferitzea. Arazo zehatzei konponbidea emateko edo fenomeno jakin bat azaltzeko erabili behar dira. Ikasleak erronkak behar ditu. Kontzeptu horiei nolabaiteko dimentsio praktikoa eman behar zaie, baina praktikoa esaten dugunean, izan daiteke zerbait egitea -esperimentu bat edo praktika bat adibidez- edo izan daiteke egoera bat hitzez azaltzea,  edo arazo bat ebaztea.

 

Edonola ere, ez da nahikoa kontzeptu horiekin gauzak egitea, ez da nahikoa kontzeptuak erabiltzea. Ezinbestekoa da kontzeptu horiei buruzko kontzientzia garatzea, eta hori lortzeko derrigorrezkoa da horri buruz hitz egitea. Hizkuntzak ezinbesteko papera jokatzen du. Ikasleek elkarren artean gaiari buruz gehiago hitz egin ahala, gehiago ikasiko dute. Interakzio linguistikoa sustatzea funtsezkoa da ikaskuntza eraginkorragoa izan dadin. Beraz, azalpenak ez ditu gehienbat irakasleak eman behar, nagusiki ikasleek eman behar dituzte azalpenak, eta ez bakarka gainera, beste ikaskideekin lankidetzan baizik. Ikasleen arteko interakzio linguistikoa oso garrantzitsua da. Hitz egin dezatela ahal den guztia egiten ari direnari buruz. Gainera, ikasleen arteko hartu-eman horrek aukera ematen du ezagutza mota eta maila ezberdinak dituzten ikasleek elkarrekin lan egin dezaten. Ikasleek erronkak eta laguntza behar dituzte. Ikastea ez da bakarka egin behar den prozesu indibiduala. Irakasleak lagundu dezake pertsonalki, baina horretaz bezainbeste arduratu behar da ikasleek elkarri laguntzeko baldintzak sortzeaz.

 

Bestalde, irakasleak garbi eduki behar du kontzeptu zientifikoen jatorria ez dela ikaslea. Gizakiok historian zehar hainbat ezagutza metatu ditugu, eta kontzeptu zientifikoak hortik ateratzen dira, hots, metatutako ezagutzatik, ez aurkikuntza indibidualetik. Horregatik, irakaslearen eskuhartzea ezinbestekoa da. Ikasleak bere kasa ikasiko ditu bat-bateko kontzeptuak. Hala deitzen die Vygotskyk egunerokotasunean ikasten diren kontzeptuei. Haatik, kontzeptu zientifikoek kontzientzia maila handiagoa eta kontrol boluntarioa eskatzen dute. Hori bai, lehen esan dugun bezala, ikaslea ezin da hartzaile soila izan, ikasleak ekinaren ekinez eta irakasle nahiz ikaskideen laguntzaz ikasiko du, eta horretarako ikertu eta aurkitu egingo du, baina ez hutsetik hasita.

 

Beraz, kontzeptu zientifikoak batez ere ekintzarako tresnak dira, ez transmititu beharreko ezagutzak. Erronkei aurre egiteko tresnak izan behar dute. Lankidetzan erabiltzeko izan behar dute. Ikasleek elkarrekin ondo lan egiten dutenean, helburua partekatzen dutenean, egiten ari direnari buruz asko hitz egiteko aukerak sortzen dizkiegunean, emaitzak beti askoz hobeak dira, eta kontzeptu zientifikoak ikasteko orduan berdina gertatzen da.

Egilea: Harkaitz Zubiri

IMG-5117