Gazteak eta Internet: arriskuak eta erronkak. Nola ahaldundu gure ikasleak?

Informazioaren gizartean ezinbesteko erreminta bihurtu zaigu Internet. Hala ere, itzelezko aukerak eskaintzen dizkigun arren, sarean arriskuak ere badaude. Arrisku horietako batzuek, gainera, zuzenean eragiten diete gazteei.

 

UNESCOk irakasleentzat sortu duen MIL curriculumean (Media and Information Literacy), beste batzuen artean bi arrisku aipatzen ditu: ciberbullying-a eta on-line grooming-a. Arrisku hauekiko kezkak eta UNESCOren curriculuma ardatz hartuta, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Santiago Tejedorrek eta Cristina Pulidok egindako ikerketa batean bi arrisku horiekin lotura duten ekarpenak egin dituzte. Helburua, gazteen jarrera kritikoa garatzeko eta Internet erabiltzerakoan ahalduntzeko gomendioak eskaintzea da, sareko arriskuei erantzun egokiak eta eraginkorrak eman diezazkieten.

 

Emaitzei dagokienez, ikasleak ahalduntzeko gomendio sorta hau osatu dute ikastetxeetan landu ahal izateko:

  • Prebentzioa ardatz duten edukiak eta estrategiak izatea euren interakzioetan. Alegia, arriskuan eta debekuan oinarritutako mezu alarmistak zabaldu ordez, gazteek sarean dituzten interakzioetan prebentzio neurriak ezarri eta indartu.

  • Prebentzio eredu komunitarioak sortzea. Hau da, irakasleen formakuntzaz gain, familiak eta komunitateak ere arriskuen inguruan formatzeko moduak abian jartzea. Indarkeria sortzen duten on-line interakzioen inguruan helduen ikuspegi kritikoek gazteak ahalduntzeko aukerak areagotu egiten dituzte.

  • Gazteen protagonismoa sustatzea prebentzio programetan. Gazteak sareko erabilera egokiaren eragile bezala ahalduntzeak eta berdinen arteko formakuntzak programa beraren eraginkortasuna bermatzen dute.

  • Alfabetizazio mediatikoa eta informazionala barne hartzen dituzten hezkuntza-estrategiak sortzea ikuspegi humanistiko eta kritiko batetik. Hau da, halako alfabetizazioari helburu zehatz bat ematea: gazteak ahalduntzea beraiek bakeranzko gizartearen eraldaketa bidera dezaten.

 

Behin ikasleak ahalduntzeko gomendio horiek finkatuta, proiektua gauzatzeko ikastetxeek martxan jarri beharko lituzketen pausoak zehaztu dituzte. Laburbilduz, irakasleen formakuntza kritikoa antolatzea; gaitasun mediatikoak ikasteko zeharkako estrategiak garatzea, beti ere pentsamendu kritikoa sustatzeko; eta azkenik, aipatutako arriskuek gazteengan eragiten duten kalte emozionala kontuan hartuta, indarkeriari aurre egiteko estrategiak garatzea, beren nortasunaren garapena bultzatuz, solidaritatearen eta bakearen baloreekin lotuta. Ahalduntzeak ez du soilik sarearekiko izan behar, gazteek dituzten bestelako interakzioekiko ere izan behar du.

Egilea: Lander Azkue

1521482564734_adobe (2)

Be the first to comment on "Gazteak eta Internet: arriskuak eta erronkak. Nola ahaldundu gure ikasleak?"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*