Sansomendi Ikastetxean argi dute, ez dute jarrera bortitzik onartzen. Helburu horri begira, 2014-2015 ikasturtean indarkeriari aurre egiteko eredu dialogikoa martxan ipini zuten ikastetxean.

Urtero, gelako batzarretan Komunitateak aukeratu zuen araua lantzen dute, bereziki ikasturteko lehenengo hiruhilabetean. Elkarbizitza-batzordeko kideak gelaz gela pasatzen dira arauaren inguruan suertatzen diren hausnarketak, ideia nagusiak eta zehaztapenak jasotzeko. Pertsona guztiek daukate aukera beren iritziak, nahiak, kezkak edo proposamenak azaltzeko, eta erabakiak denon artean hartzen dituzte.

Komunitatearen araua  zera da; “Hemen ez da irainik onartzen, beraz, esadazu ondo”. Hala ere,  euren hitzen arabera, “ez dizugu utziko (beste pertsonaren izena edo ni) molestatzen” da benetako araua, gehien entzuten den leloa delako.

Ikasturtean zehar,  aipatutako arau hori ikastetxeko eguneroko bizitzaren parte izaten da, beste estrategia batzuekin batera. Estrategia batzuk orokorrak dira: tertulia literarioak, talde elkarreragileak eta familien partehartzea. Beste batzuk, ordea,  indarkeriaren gaiari zuzenki lotuta daude: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, tertulia pedagogikoak (genero indarkeriari buruzko artikuluen bidez) bideratzea, bideo-foruma edo kantak aztertzea; Lehen eta Haur Hezkuntzan Ausarten Kluba antolatzea… Azken hori, hau da, Ausarten Kluba DBHko lehenengo mailara zabaldu dute lehen aldiz aurten eta lortzen ari diren emaitzak pozgarriak eta aipagarriak dira.

Estrategia horien guztien bitartez, gelan landu daiteke nazioartean genero-indarkeriaren prebentzioan gomendatzen dena:

– Indarkeria ez naturalizatzea: Ikasleek ikasten dute zer den indarkeria eta zer ez; ez direla mesprezuak eta irainak naturaltzat onartu behar; eta baimen barik ukitzea ez dela joko bat. Ikasle horiek jakin badakite irakasleek eta beste pertsona nagusiek horretan lagunduko dietela.

– Ez da Ez: Indarkeria erabiltzen dutenei aurre egiten ikasten dute, nahiz eta laguna, neba-arreba, edota ikasle indartsuagoa izan. Jakin badakite eskubidea dutela ezetz esateko, eta, beraz, nahi ez dutenean ez dutela musu eman beharrik, edo modu jakin batean jolastu nahi ez dutenean, ez dutela egin beharrik, eta berdin beste norbaitek ukitu nahi dituenean eta norberak nahi ez duenean. Besteek onartu egin behar dute.

– Solidaritatea: Indarkeriari aurre egiteko, denon artean indar gehiago daukatela ere badakite. Horregatik, biktimen alde egiten dute. Horrela, ez dute barrerik egiten norbaitek beste bat iraintzen badu, adibidez; edota  ez dute amorerik ematen zerbait gustatzen ez bazaie , badakitelako besteen laguntza izango dutela, hau da, ez daudela bakarrik.

– Indarkeria erabiltzen dutenei erakargarritasuna kentzea: Lortzen ari dira “maloteak”  popularrenak ez izatea eta, bestalde, ikusten ari dira nahi duguna lortzeko indarkeria erabiltzea  jarrera koldarra dela. Horrelako jarrerei aurre egitea edo salatzea, ostera, ausarta izatea dela badakite.

 – Komunitate osoaren lana da: Familiek gero eta argiago dute. Ama baten hitz esanguratsuak: “lehen, beste eskola batean, nire semeak zerbait txarto egiten zuenean, deitzen zidaten  eta nik konpontzeko esaten zidaten, baina nik ez nekien nola konpondu, ez nekien zer egin. Orain, eskola honetan, arazo bat sortzen denean komentatzen didate eta denon artean pentsatzen dugu, batzuetan aholkuak ematen dizkidate eta beste batzuetan nik haiei ideiak, baina beti ados jartzen gara. Horrela nire semeak  asko hobetu du. Eta Ausarten Kluba martxan jarri zutenetik, askoz errazagoa izan da dena”. Irakasleek ere ikusten dute gatazken kopurua asko jaitsi dela eta adiskidetasun- eta solidaritate-giroa hazi egin dela. Eta hori horrela dela argien daukatenak ikasleak dira: “Bati egiten diotena guztioi egiten digute”.

Egileak: Miriam Domingos, Nahia Salbarredi

20181109_163933 (1)