Gizakiok, berez, badugu talde baten barnekoa izateko beharra asetzeko premia. Izan ere, kide gareneko sentimendu hori gizabanakook geure inguruarekin ditugun lotura estuetan datza, bai pertsona jakin batekin bai talde edo leku batekin, baita ikastetxearekin ere. Ikastetxearen parte direneko sentimendua beren pertzepzioen arabera garatuko dute ikasleek, hau da, onartuak, errespetatuak edo babestuak sentitzen badira. Baina nola bidera daiteke sentimendu hori?

Galdera horri erantzuten dio Gökmen Arslan psikologoaren ikerketak. Lanaren asmoa, hain zuzen ere, ikastetxearen parte sentitzeak nerabeengan izan dezakeen eragina erakustea da. Horretarako, Turkiako herri txiki bateko bi ikastetxe publikotako 413 ikasleren laguntzaz baliatu da. Ikerketak hiru gai hauek aztertu ditu: ikasleek ikastetxearekiko duten lotura maila, bizi izandako esperientzia positiboak eta negatiboak, eta ikasleen ongizate psikologiko eta larritasun-maila.

Eginiko ikerketaren bidez, bi ondorio nagusi atera daitezke. Alde batetik, antzeman daiteke  ikastetxearen partaide sentitzen ez diren ikasleek, hezkuntzari loturiko zailtasunak erakusteaz gain, jarrera sozial eta emozionalen aldetik ere arazoak dituztela. Egoera horrek, nolabait, bazterketa pairatzera darama ikaslea. Bestetik, berriz, ikastetxearen partaide sentitzen diren ikasleek alderantzizko jarrera dute; hots, klasera egunero joaten dira, emaitza akademiko onak lortzen dituzte, eta sozializatzeko gaitasun handiagoa izan ohi dute.

 

Aurrekoez gain, beste onura batzuk ekar ditzake parte direneko sentimenduak, betiere egunerokotasunari lotutako egoeretan. Esate baterako, zenbait substantziaren kontsumoa (alkohola, tabakoa edo marihuana, adibidez) murriztearekin zerikusia du. Bestalde, autoestimu handiagoa izatearekin eta arazoak kudeatzeko gaitasun hobea izatearekin dago loturik.

 

Hori dela eta, egileak dioen moduan, diseinu kurrikular eta metodologiko berriak eraikitzeko (edo jabetzeko behintzat) balio dezake ikerketak. Gehienetan, ikasle jakin batekin edo talde handi batekin esku-hartze bat egiteko arrazoia gatazka bati erantzuteko beharra izaten da. Gure lehentasunak, ostera,  arazoei aurrea hartzea izan behar du, zailtasunak gainditzeko jarduera egokiak programatuz eta jarrera positiboak landuz.

Horrenbestez, arestiko informazioa kontuan hartuz, ikasleak ikastetxearen barne sentiaraztea ezinbestekoa da, ez soilik emaitza akademiko onak lortzeko, baita munduko herritar eta pertsona gisa garatzeko ere.

Egilea: Iker Goya

Iker Goya Zapirain