Ukaezina da Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) erabilera zabaldu egin dela gaur egungo gizartean. Gero eta ohikoagoa egiten zaigu edonoren poltsikoan mugikorra ikustea edo ordenagailua lanerako tresna ordezkaezina izatea; halere, IKTak garapenerako eta informazioa eskuratzeko baliabide paregabeak izan arren, badute kezka sorrarazten duen erabilpenik ere. Zenbaiten ustean, azkarregi iristen dira teknologia horiek haur eta nerabeen eskuetara, eta zalantzazkoa da ea gazteak tresneria digitalaren erabilpen egokia egiteko hezitzen ote ditugun.

 

Kezka horiek areagotu egiten dira harreman afektibo-sexualen eta eremu digitalaren arteko loturak egiten direnean. Sexting-a da, beharbada, bi eremu hauek harremanetan jartzen dituen praktikarik ezagunenetako bat. Sexting-a eduki sexualeko norberaren argazki, bideo edo mezuak internet edo mugikorraren bidez helaraztean datza. Eduki sexualak zabaltzeko bide horrek arazotsu bilakatzen dituen zenbait ezaugarri ditu: anonimotasuna, informazioaren hedapen mugagabea eta eskuragarritasuna, besteak beste. Alabaina, haur eta nerabeen sexu-heziketa programek aintzat hartzen al dute sexting-a? Eta hala bada, zein trataera ematen zaio?

 

Zenbait herrialdetako gobernuek sextingak izan ditzakeen arriskuak nerabeei azaltzeko kanpaina espezifikoak jarri dituzte martxan azken urteotan. Amy Dobson eta Jessica Ringrosek (2016) bi kanpaina aztertu zituzten, bata Australiakoa eta bestea Erresuma Batukoa. Zehazki, programa horien barnean erabili ziren Tagged (Australian) eta Exposed (Erresuma Batuan) filmak ikertu zituzten; nerabeek pelikula horiek ikustean sexu eta genero-portaeren inguruko zer mezu jasotzen zuten, eta filmetan eskola eremua nola aurkezten zen behatuz.

 

Ikerketa-lanak bi ondorio garrantzitsu plazaratu zituen. Alde batetik, azpimarratu zuten pelikula haietan zabaltzen diren mezuetan sexuarekiko eta generoarekiko moral bikoitza dagoela, neskak biktima eta errudun bilakatzen baitira aldi berean. Moral bikoitz horren arabera, sext-ak (nork bere buruari ateratako eduki sexualeko irudiak) bidaltzen dituen neska ez dago ondo ikusia, eta jokabide horrek izan ditzakeen arriskuen jakitun izan behar du. Horrela,  nahiz eta baimenik gabe mezuak mutilek zabaldu, hedapenaren errua neskei leporatzen zaie, eta nesken erreputazioa jartzen da zalantzan, baina ez mutilena. Ondorioz, mutilek jokatzen duten rola eta haien ardura ez da lehen planoan jartzen, ez da aztertzen, nahiz eta sext-en erabilpen desegokian eta sorrarazten dituzten ondorioetan zeresan handia izan. Gazteen artean, bestalde, normalizatuta eta onartuta dago mutilek beren hitza hautsiz nesken irudiak zabaltzea. Dirudienez, nesken gorputzen irudien jabe izateak hobetu egiten du mutilen posizio soziala.

 

Bestalde, eskoletan maiz gertatzen diren arazoak eremu digitalera hedatzen dira. Eskoletan jazarpena, zurrumurruak eta gatazkak nahiko ohikoak dira. Testuinguru horretan, jokabide horiek mantentzeko tresna bilakatzen da eremu digitala. Hortaz, neska baten argazkia baimenik gabe hedatzen denean, neska horrek eskola eremuan pairatuko ditu gertaera horren ondorio psiko-sozialak. Mutilak biluzik agertzen diren argazkiak hedatzen dituztenean, ordea, irudietan agertzen diren mutil horientzat ez du kostu sozial bera. Ezberdinkeria horrek genero moral bikoitza sustatzen du eskolan eta sexu-portaera normatiboen kontrolatzaile bihurtzen da.

 

Hori ekiditeko, sexu heziketaren bidez zabaltzen diren mezuetan kontuan hartzeko zenbait gomendio ematen dizkigute ikerketaren egileek. Lehenik eta behin, kalteen arduraren zama nesken bizkar gainean ez jartzea; bigarrenik, mutilen kultura digitalak dituen arau etikoak auzitan jartzea; eta, azkenik, eskolak bakardade- eta arrisku-gune gisa eraiki eta aurkeztu beharrean, laguntasun eta babes-eremu moduan irudikatzen hastea.

 

Dobson eta Ringrosek esaten diguten moduan, oraindik ere beharrezkoa da sare sozialek harreman sexualetarako gune berri gisa izan dezaketen legitimitatearen inguruan hausnartzea eta eztabaidatzea. Hortaz, ez dugu zalantzarik haien ikerketa-lana horretarako abiapuntu baliagarria izan daitekeela.

Egilea: Leire Ugalde

20160718_152907