Bartzelonako Unibertsitateko Valls, Puigvert eta Duquek egindako ikerketaren arabera, nerabe batzuek indarkeria eta erakargarritasuna lotzen dituzte. Aurretik egindako beste ikerketa batek jadanik azaltzen zuen gazte batzuen artean ematen diren interakzioek, batetik, eta haien sozializazio-prozesuak, bestetik, sustatzen dutela indarkeria eta erakargarritasunaren arteko lotura.
2004an, Espainiako Genero-Indarkeriaren Aurkako Legeak -Europako lehenbizikoa- onartu zuen indarkeria bikote harremanaren barruan edo bikotekide ohiarekin ere gertatzen dela, eta hori aurrerapauso handia izan zen. Hala eta guztiz ere, noizbehinkako harremanetan legeak oraindik ez du genero-indarkeria kontenplatzen. Beraz, gazteen harremanetan gertatzen den indarkeria-mota asko ez da genero-indarkeriatzat hartzen, eta zail bihurtzen da horiek identifikatzea eta prebenitzea. Horregatik, bitartean gazteek arriskuan jarraitzen dute.
Alde batetik, jarrera menderatzaileak dituzten “gaiztoak” edo “maloteak” ditugu, filmetan ikusten den bezala, nesken artean -eta gizartean, orokorrean- baloratuenak izaten jarraitzen dute. Bestaldetik, lagun identifikatzen dituzten mutilak ditugu. Horiek, normalean, “mutiko onaren” izaera dute, hau da, neskak aintzat hartzen dituztenak.
Besteak beste, komunikazio-hedabideetan aurkezten diren erakargarritasun ereduen inguruan eraikitzen dira estereotipo horiek. Ikerketak aurkezten du nola eragiten duten estereotipo edo erakargarritasun eredu horiek nerabeen erabakietan eta esperientzietan.
Nerabe askoren ustez, instintuak bultzatzen du norbait erakargarria den edo ez sentitzera. Aitzitik, ikerketak erakusten duenez, eredu biolento horiekiko erakargarritasuna barneratzeak lotura handia du sozializazio-prozesuarekin. Prozesu horren ondorioz, maskulinitate hegemoniko menderatzailearen eredua erakargarri bihurtzen da; eta elkarrizketa eta laztantasunarekin lotzen den eredua, aldiz, aspergarria eta monotonoa.
Horrela, ikerketak erakusten du bertan parte hartu duten neska batzuek, pasioa bilatzen dutenean, “gaiztoa” aukeratzen dutela ; egonkortasuna bilatzen dutenean, aldiz, “mutiko ona”. Izan ere, uste dute haiekin maitekorrak direnek ez dietela pasiorik eskainiko. Ondorioztatu daiteke beraz, gizartean ematen den erakargarritasunaren eta indarkeriaren arteko lotura izan daitekela nerabeen artean gertatzen den genero indarkeriaren arrazoi nagusia.
Ikerketak proposatzen du hezkuntza-interbentzioan eta sozializazio-prozesuan neurri prebentiboetan lan egitea, erakargarritasunaren eta indarkeriaren arteko lotura apurtzeko. Indarkeria-eredua gainditzeko, berdintasunezko eredua jarraitzen duten erlazioak sustatu behar ditugu; elkarrizketan eta errespetuan oinarritzen diren erlazioak erakargarri bihurtzea da gakoa, eta horixe sustatu behar dugu.
Eskolan, harremanetan dauden ereduen inguruan hausnartu behar dugu, eredu tradizionalak alde batera utziz. Azken finean, egoera mantentzen bada, edo kaltegarriak diren ereduei eusten badiete, indarkeria pairatzeko etengabeko arriskuan egongo dira gure ikasleak.
Egilea: Garazi Alvarez