Gure Irakurlagun programa martxan jartzeko, urtero, ikasturte hasieran, laugarren, bosgarren eta seigarren mailetan boluntarioak eskatzen ditugu lehenengo, bigarren eta hirugarren mailetako umeei laguntzeko. Lehenengo eta behin, tutoreek nagusien zerrendak prestatzen dituzte; eta gero, boluntarioen arabera, txikien tutoreekin bikoteak antolatzen ditugu, nagusi bat txiki batekin.
Behin ikasleak bikoteka banatuta, “irakurtzeko hitzarmena” sinatzen dute elkarri laguntzeko konpromezua hartzen. Ondoren, bikote bakoitzak ze liburu irakurri adosten du. Bikoteek estrategia anitz erabil ditzakete saioetan: bakoitzak zati bat irakurri eta txandakatzen joan; nagusiak zati luzeagoak irakurri; testuan hitz batzuk bilatu; eta momentu askotan irakurtzen dutena komentatu.
Programa aurrera eramateko, jantoki orduak erabiltzen ditugu eta saioak 30 minutukoak dira. 13:00etatik 14:00etara antolatzen ditugu, astean bi egunetan eta zuzendaria eta ikasketa burua dira arduradunak.
Gure programa irakurketa dialogikoan oinarritzen da, hau da, irakaskuntza komunikazio-prozesu baten barruan gertatzen da, non komunikazioa, elkarrekintza eta lankidetza diren protagonistak. Horrela, ezagueraren egungo gizartean funtsezkoak diren trebetasunak lantzen dira, bizitza demokratikorako oinarrizko jarrerekin batera.
Irakurlagun programan, elkarrekintzaren bidez, bikoteak sendotu, ikasleen arteko harremanak indartu, eta ikas-prozesua modu eraginkorrago batez aurrera eraman nahi ditugu. Horrela, ikasleek ikaskuntza eta ezagupena konpartitzen dute, bakoitzak bere ekarpenak, interpretazioa eta pertzepzioa partekatzen ditu eta biek ikasten dute
Bestalde, aipatu behar da programa hori aniztasunari erantzuteko modu egokia dela. Izan ere, bertan ikasle guztiek dute parte hartzeko eta ikasteko aukera eta aniztasuna positibotzat hartzen laguntzen du. Horrela, desberdintasunari esker ikasteko aukerak areagotu egiten dira.
Estrategia horren bitartez lortzen diren ekarpenak hainbat dira: ikaslearen irakurmena eta irakurritakoa ulertzeko daukan gaitasuna hobetzea, irakurzaletasuna garatzea, ikasleen autonomia bultzatzea, era askotako testuak irakurtzeko ohitura sendotzea eta, horiekin batera, ahozko gaitasuna garatzea.
Gure eskarmentuan oinarrituta, esan dezakegu irakasleen eskuetan estrategia inklusiboa jartzea eta ikasleen eskola-arrakastari laguntzea lortzen dugula programa honekin; baita ikasleen lankidetza eta komunikatzeko gaitasuna hobetzea ere.
Egilea: Inmaculada Barga