Gaur KAIERAko lehen eztabaida irakurtzeko aukera duzue. Eskola inklusiboari eta segregazioari buruzko bi ikuspegi eskaintzen dizkizuegu: Gonzalo Larrucearen arabera, eskola inklusiboa lortzeko ezinbestekoa da segregazioa gainditzea; aldiz, Begoña Lasaren arabera, ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza eskaintzea da  eskola inklusiboa lortzeko gakoa.

Gonzalo Larrucea

Konplizitateak ehunduz eskola bazterkeriaren kontra

Eskola-segregazioaren eskalan erdialdera dago Euskal Autonomia Erkidegoa  baldin eta ELGA/OCDEko herrialdeekin alderatzen badugu, H Indizea kontuan hartuta (Save The Children). Espainiako autonomia erkidegoen artean gehien baztertzen dutenetik hasita, EAE seigarren postuan da Gorard indizearen arabera. Beraz, geure artean fenomenoa ez da makala eta handituz doa. Nola aurre egin?

Eskola bazterkeria maila batzuetan gertatzen da. Hasteko, maila pertsonala hartu behar dugu kontuan, herritarrok eskola batzuetatik ihes egiten dugunean, edo, zuzenean, ikastetxe zehatz batzuk bilatzen ditugunean bereizketa zeinuaren bila. Beste maila bat ikastetxearena berarena da. Zail samarra da aniztasuna onartzea, inklusioaren inguruko proiektu partekatua antolatzea. Izan ere profesional batzuek ez dute nahi, eta beste batzuek nondik hasi ere ez dakite. Azkenik, sistema osoa izan daiteke baztertzailea. Halakoetan, eskola bakoitzak nahiko ezaugarri homogeneoak izaten ditu, baina hezkuntza-sistema heterogeneoa eskolen artean. Horregatik, nire lan hipotesia hauxe da: eskola bazterkeria gainditzeko, esku-hartzea maila guztietan izan beharko da.

Hala bada, ihes egin behar dugu sinplekeria batzuetatik. Hona hemen bat: Etorkinak edo ijitoak banandu behar dira? Halako eztabaidak etikoak ez izateaz aparte, faltsuak dira. Sisteman begirada jartzen dutenek askotan soilik banaketa hutsean pentsatzen dute. Baina banaketa-politikek erakutsi digute kolektibo baten gainean estigma sorrarazteaz gainera, guztion borondatearen kontra ezin direla bultzatu. Beste batzuek, ordea, uste dute bakoitzari utzi behar zaiola ikastetxea aukeratzen, eta ahalegina ikastetxean egin behar dela, hau da, behar handiak dituzten ikastetxeei baliabide hobeak eman behar zaizkiela eta, aldi berean, proiektu inklusibo eta eraldatzaile batekin lan egin behar dela, hezkuntza-sisteman ezer egin ezingo bagenu bezala. Nire ustez, jarrera biek partzialki erantzuten dute.

Gakoa ez da kolektibo sozial batena edo bestearena, guztiona baizik. Horrek eskatzen du hesi mentalak gainditzea, eta barneratzea heterogeneotasunean guztiok irabazle ateratzen garela. Ikastetxeetan, jakina, proiektu inklusibo sendoak bultzatu behar dira. Badaude geure artean adibideak, norabidea erakusten dutenak. Baina arazoa sistemikoa bada, sistemak dituen hamaika faktore ere birplanteatu beharko ditugu, esate baterako: langileen kudeaketa, proiektuen egonkortasuna, sindikatuen papera, eskola-mapa, matrikulazio irizpideak, hezkuntza sistema beraren egituraketa, sareak eta finantzaketa, kuoten ordainketa, hizkuntzen markoa eta abar luze bat. Ahaztu barik eskolak beste eragile sozialekin batera lan egin behar duela. Aurretiaz ezin da inolako tresnarik baztertu. Maila batzuetan jarduten ez badugu, jai daukagu.

 

 Begoña Lasa

Segregazioa gainditzeko, kalitatezko hezkuntza

Inork ez du segregazioa sufritu nahi. Inork ez du segregatuta egotea aukeratzen. Kalitate txarreko hezkuntzari lotuta egoten da. Ospe txarra izan ohi du familien eta irakasleen artean. Ondorioz, gehienek ez dute joan nahi izaten segregazioari lotutako eskola batera.

Egoera hori ikusita, hainbat galdera sortzen zaizkigu: derrigortu ditzakegu ikastetxe batera joan nahi ez duten pertsonak bertara joatera? Eta bertan egon nahi dutenak beste batera joatera? Guk ezetz uste dugu. Gainera, zeintzuk dira hainbat pertsonak ikastetxe batera joan nahi ez izateko dauzkaten arrazoiak? Ez dute bertara joan nahi, sarritan, pentsatzen dutelako ez dela posible kalitatezko ikaskuntza baldin eta ikasle mota jakin bat eskolan badago, ikasle mota horrekin beti gatazkak egongo direla; are gehiago mota horretako ikasle asko elkarrekin badaude.

Eskoletako errealitateak, ordea, alderantzizkoa erakusten digu. Ikasleak bereizten dituztenean, hainbat eskolatan sakabanatzen dituztenean, arazoa ez da desagertzen. Alderantziz, arazo berberak pairatzen jarraitzen dute, baina, sakabanatuta daudenez, arazoa ez da hain ikusgarria.

Ikerkuntzak zera diosku, arazoa ez dela ikasleak elkarrekin ala bereizita dauden. Aitzitik, jarduera egokiak gauzatzea da gakoa, hau da, ea eskaintzen den hezkuntza kalitatezkoa den edo ez. Kalitatezko hezkuntza ikastetxe mota guztietan  eman daiteke.

Baina gehienetan ez da horrelakorik gertatzen, ikasle horiekin espektatiba txikiagoak dauzkagulako eta eskatu ere gutxiago eskatzen diegulako. Horrela, bere kabuz betetzen den profeziaren efektua sortzen da: hezkuntza kaskarra espero dugu, horren arabera moldatzen dugu egoera, eta, noski, espero genuena bete egiten da, alternatibarik ez zegoela pentsatzen genuelako, nahiz eta alternatiba egon, badagoen. Eta, noski, ikasle mota hori gehiengoa denean, ikastetxearen ospe txarra areagotu egiten da.

Hori guztia gutxi balitz, segregazioaren aurkako eta eskola inklusiboaren aldeko kanpainek, asmoa bestelakoa izanda ere, ospe txar hori sustatzen jarraitzen dute. Kanpaina horien ondoren, nork nahiko du eskola publiko jakin batzuetara joan?

Konponbideak ez dauka zerikusirik ikasleak bereizita egotearekin edo ez egotearekin. Gure lana helburu hauek lortzera bideratu beharko genuke: ikasle guztiek, dauden tokian daudela ere, kalitatezko hezkuntza jasotzeko aukera izan dezatela; hezkuntza-sistemak ez dezala arazoaren ardura desbideratu, eta ez dezala esan ikasle mota jakin bat dela arazoen kausa; hezkuntza-sistemak egiten duen guztia ikasleengan pentsatzen egin dezala; erabateko arreta eskain diezaiola ikasleek  arrakasta lortzeari.

Ezinbestekoa da ikastetxeetan hezkuntza-jarduera eraginkorrenak erabiltzea, frogatuta dauden jarduerak, arrakasta errazten dutenak, ikasleen gaitasun guztiak garatzen gehien laguntzen dutenak, eta ez beste batzuk. Izan ere, ikasleen beharrei erantzuteko beharrezkoa da hori.

Era berean, familiek jakin behar dute bikaintasuna lortzeko ezinbestekoa dela eskolek aniztasuna egokiro kudeatzea, eta hori egiten ez badute, aukera onak galtzen ari direla.