Telebistan, lagunartean zein familian entzun izan dugu sarritan eskola batzuk besteak baino hobeak direla, eta eskola-giroa eta emaitza akademikoak aldatu egiten direla  ikasleen jatorri sozio-kulturalaren arabera. Izan ere, zenbait ikasleri buruzko aurreiritziak ditugu, eta haien ibilbide akademikoetatik ez dugu asko espero. Baina, hala da beti? Ba al da hori aldatzerik? Eta alda badaiteke, zein da jarraitu beharreko bidea?

Hainbat ikerketa saiatu dira galdera horiei erantzuten. Lorpen akademikoak eta bizikidetza hobetzeko modu onena identifikatu nahi izan dute, edozein izanik ere testuinguru sozial, ekonomiko zein politikoa; arraza, etnia edo erlijioa. Europako Batasunak finantzatutako INCLUD-ED proiektua ekarpen oso garrantzitsua izan da zentzu horretan. Hezkuntzako jarduera arrakastatsuak identifikatu ditu: hau da, umeen ezaugarriak edozein izanda ere, arrakasta akademikoa eta bizikidetza ona erdiesten laguntzen duten ekintzak. Ekintza horien berezitasun aipagarriena hau da: eskolak eta komunitateak dituzten baliabideak edozein direlarik ere, beraiek berrantolatu egin daitezkeela ikasleen errendimendua hobetzeko eta emaitza onak lortzeko. Eta zergatik esaten zaie jarduera arrakastatsu? Bada, esan bezala, ikasleen ezaugarriek edota testuinguruak ez dutelako baldintzatzen ekintzek arrakasta lortzea.

Aipatutako guztia argi islatzen da Ramón Flecha-k eta Marta Soler-ek aztertu duten La PAZ eskolan.

La Paz eskola Albaceten dago. Ikasleen %90 ijitoak dira. Familia gehienek alfabetatze-maila txikia dute eta haien egoera ekonomikoa nahiko estua da. Aldaketaren aurretik, eskolak arazo anitz zituen: ikasle askok uzten zituzten ikasketak, giroa ez zen batere lasaia, eta zentroaren eta gurasoen arteko gorabeherak nabariak ziren.

Horrek guztiak eragin handia zuen emaitza akademikoetan. Konponbidea bilatu nahian, inklusio dialogikoaren eredua hartu zuten oinarri, eta, eskolak eta komunitateak elkar harturik, hezkuntza-jarduera arrakastatsuak abiarazi zituzten.

Aldaketak gauzatu aurretik, umeek etengabe egin behar izaten zieten aurre etsipen sentimenduei. Emaitza eskasak ikusirik, benetako ikaskuntza prozesu batean murgiltzeko aukera murritzak zituzten. Ondorioz, gurasoek ere eskolaren erabilgarritasuna zalantzan jartzen zuten.

Baina gauzak guztiz aldatu egin ziren. Familiak umeen ikas-jardueretan parte hartzen hasi ziren, baita eskolako erabaki prozesuetan ere. Ikasgelan antolatu ziren talde elkarreragileen eragina sekulakoa izan zen. Familien eta umeen parte-hartze eraginkorra bermatzearekin batera, emaitza akademikoek hobera egin zuten izugarri, Ikasleak gutxiago falta ziren eskolara, eta giroak ere hobera egin zuen nabarmen.

Eskolak bizi izan zuen eraldaketak erakusten du eskolek eta komunitateek beti dutela beren egoera hobetzeko aukera, betiere testuingurua behar bezala baliatzen badute. Ikasteko, irakasteko, komunikatzeko eta harremanak izateko moduak eraldatuz, gure esku dago arrakasta lortzeko aukera, beti,  edonon, edonoiz, aitzakiarik gabe, aurreiritzirik gabe. Ikasleak eta haien ingurua oinarri hartuta, aldaketa soziala eta akademikoa bideratu dezakegu, ondo funtzionatzen duten jarduerak baliatuz, ebidentzietan oinarrituz eta ikasitakoa gauzatuz.

Egilea: Igone Lopez 

igone