Shakespeare irakurtzen duenari garuneko eremu gehiago aktibatzen zaizkio

Eguna irakurtzen ematen dugula esatean ez dugu ezer berririk esaten. Egunean zehar hainbat motatako testuak irakurtzen ditugu, hainbat helbururi erantzuten diotenak. Informatzeko, komunikatu ahal izateko, ikasteko edota plazer hutsagatik heltzen diogu jarduera horri. Irakurtzea “ona” dela esatea ere ohikoa da, besteak beste, buruari eragiten diogulako. Baina testu mota bakoitzari, edo hobe esanda, testu kalitate bakoitzari aurre egiteko gure garunak egiten duen lana ez da beti berdina.

 

Horri erreparatu diote Bangor University, Liverpool Moore University eta Universitat Pompeu Fabrako ikerlariek “How Shakespeare tempests the brain: Neuroimaging insights” ikerketan. Horretarako Shakespeare-ren testuak aukeratu dituzte, batez ere idazleak erabili ohi zituen aldaketa funtzionala (izena aditz bezala erabiltzea) deritzon figura erretorikoa duten haren esaldiak. Eta azterketa, nola? Bada, testu horiek irakurtzen zituzten bitartean partaideen garunaren aktibitatea monitorizatuz.

 

Erresonantzia magnetikoak eskainitako irudiei esker, ikertzaileek ikusi dute irakurleak aldaketa funtzionalarekin topo egiten duenean, bestelako irakurketekin baino eremu gehiago pizten direla garunean, eta, gainera, eremu batzuen arteko lotura berriak ezartzen direla. Hori guztia garunaren osasunerako onuragarria da. Horrek esan nahi du, batetik, irakurleak testuarekiko duen inplikazioa uste zena baino aktiboagoa dela, eta, bestetik, irakurgaiak ondo aukeratzea oso garrantzitsua dela (edukia alde batera utzita), kalitatezko testuak askoz aberasgarriagoak direlako, bai eta osasunarentzat mesedegarriagoak ere.

 

Bestalde, ebidentzia hori, alegia, kalitatezko testu literarioek garunean duten eragin positiboa, Tertulia Literario Dialogikoek eskaintzen diguten beste onuretako bat da, kontuan hartuta halako solasaldietan lantzen diren testuak literaturako klasiko unibertsalak direla, ezin zalantzan jarri kalitatezkoak direnik. 

Egilea: Lander Azkue

1521482564734_adobe (2)

Leave a comment

Your email address will not be published.


*