Ikasketa-estiloen teoriak ez du oinarri neurozientifikorik

Entzun al duzu inoiz egunean 6 eta 8 baso ur artean edaten ez badituzu, burmuina uzkurtu egiten dela? Eta burmuinaren %10 baizik erabiltzen dugula? Inoiz halakorik esan badizute, ez zaitez informazio iturri horretaz fidatu, oinarririk ez daukaten baieztapenak egiten ari baita, eta, ziur aski, iturri horren beste egia batzuk ere funtsik gabeak izango dira.

 

Neurozientziak aurkikuntza miresgarriak egin ditu azken hamarkadetan, eta irakasleen artean interes handia sortu da aurkikuntza horiek ikasgeletara eramateko. Neurozientziak gero eta argiago erakusten du, adibidez, loak, estresak eta elikadurak eragina dutela umeen garapenean. Baina eskoletara iristen diren ideia asko neuromitoak baino ez dira. Hori defendatu du Bristoleko Unibertsitateko Paul Howard-Jones-ek. Ideia horiek, ustez, neurozientziaren aurkikuntzetan oinarritzen dira, baina, benetan, garunari buruzko ikerketaren interpretazio okerrak dira.

 

Garunaren funtzionamenduaz irakasleek pentsatzen dutena aztertu du Howard-Jones-ek. Hainbat herrialdetan (Erresuma Batua, Turkia, Herbehereak, Grezia, Txina) egin diren ikerketak hartu ditu aintzat. Ikasketa-estiloen neuromitoa da guztietan zabalduena. Hainbat eskolak aplikatzen dute teoria horren bertsioren bat. Funtsik gabeko teoria horren arabera, hainbat ikasketa-estilo daude: izan gaitezke aktiboak, hausnartzaileak, teorikoak edo pragmatikoak, edo errazago ikas dezakegu hitzen bidez, irudien bidez, lan manipulatiboen bidez edo jarduera fisikoaren bidez, esate baterako. Ikasketa estiloen teoriak dioenez, hobekien darabilen garunaren atalaren araberako informazioa eman beharko litzaioke ikasleari. Hori egitearen atzean neurozientziari buruzko gaizkiulertu bat dago: pentsatzen dute trebezia bakoitza kortexaren eremu bakarrean prozesatzen dela, eta horregatik komeni dela garunaren eremu garatuena lantzen jarraitzea, ikasleek horrela gehiago ikasiko dutelakoan.

 

Neurozientziak gaur egun duen ezagutza aintzat hartzen badugu, esan genezake ideia horrek ez duela sostengurik. Trebezia bakoitza ez dago kortexaren eremu bakarrean kokatuta. Mekanismo anitzen interkonexioen ondorio da gaitasun kognitiboa, neurozientziak aspaldidanik frogatu duenez. Beraz, garunaren hainbat eremu aktibatzea ezinbestekoa da.

 

Baditugu adi ibiltzeko arrazoiak. Uste okerretan oinarritzen bagara, litekeena da emaitza onik ez izatea, eta, hala bada, gure eskoletako ikasleek pairatuko dituzte hanka sartze horien ondorioak.

Egilea: Leire Ugalde

20160718_152907

Be the first to comment on "Ikasketa-estiloen teoriak ez du oinarri neurozientifikorik"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*