Kalitatezko eredu eleanitz bat eraikitzeko unea dela adierazi zuen Itziar Elorzak Eusko Legebiltzarraren Hezkuntza Batzordean otsailaren 26an egin zuen agerraldian. Ikastolen Elkarteko hizkuntza-proiektuaren zuzendaria izan zen Elorza, eta gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da.

“Inork ez du nahi bere seme-alabek eskolaldia bukatzen dutenean konpetentzia linguistiko nahikoa ez izatea”, esan zuen Elorzak. “Utz diezaiogun ereduei buruz hitz egiteari eta hitz egin dezagun kalitateaz, ea nola eraiki dezakegun eredu berdinzale  bat, denon beharrei erantzungo diena eta gure helburuetara iristen lagunduko diguna”.

Elorzaren arabera, emaitzek behin eta berriz erakutsi dute hezkuntza sistemak ez duela lortzen ikasle guztiek hizkuntza behar bezala ikastea. D ereduak ere ez du beti bermatzen euskara ondo ikastea. Baina, aldi berean, Elorzak nabarmendu zuen zenbait esperientziak ondo funtzionatu dutela.

 

Helburuak ondo finkatzea ezinbestekoa da, Elorzaren arabera: euskaraz eta gaztelaniaz gaitasun aurreratua eta ingelesez maila ertaina bermatu behar da ikasle guztientzat, jatorri sozio-kulturala edozein dela ere. Elorzak begi onez ikusten du eskola bakoitzak bere bidea egitea, baina soilik bide horrek emaitzak lortzera badarama: “Derrigorrezko eskolaldian noraino iritsi behar dugun argi badugu, eta helburu horiek betetzera derrigorrez iritsi behar dugula argi badugu, orduan bai, orduan hitz egin dezakegu planifikazio malguaz”.

“Irakasleek ba al dakite nola egiten den hori guztia?”, galdetu zuen Elorzak. “Kalitate handiko ekimenekin egin behar da. Erabiliz ikasten da hizkuntza. Zergatik pasatzen dugu hainbeste ordu gramatikari buruz hitz egiten? Arreta askoz handiagoa eskaini beharko genioke erabilera sendoari.” Hizkuntzaren bitartez gertatzen diren interakzioek berebiziko garrantzia dute. Gakoa ez da soilik hizkuntzari zenbat ordu eskaintzen dizkiogun. Denbora hori nola erabiltzen den ere funtsezkoa da, eta “bide naturalena, eduki akademikoak ikasteko hizkuntza erabiltzea da”, baina hizkuntza hori nola erabiltzen den arretaz zainduz.

 

Hori guztia gauzatzeko ezinbestekoa da irakasleak trebatzea, Elorzaren arabera. Halaber, funtsezkoa deritzo eskolaren inguruko jendearekin sare-lana egiteari, eta eskolan bertan ikasgelatik kanpoko eremuak ere kontuan hartzeari.

Azken 35 urteetan ahalegin handia egin dela ere nabarmendu zuen Elorzak, eta horrek hobekuntza esanguratsuak ekarri dituela. Euskaraz ikasten dutenen kopurua oso esanguratsua da, adibidez.. Hala ere, orain arteko eredua agortuta dagoela azpimarratu zuen.

 

Aurrerapauso kualitatibo bat emateko unea da orain. Elorzaren iritziz, hezkuntza eredu propioa sortzea da bidea, kalitatezkoa, eleanitza, berdinzalea, eta emaitzak bermatuko dituena.

IMG-5117

Egilea: Harkaitz Zubiri