– Genero indarkeriaz hitz egiten denean, helduetan edo, gehienez jota, nerabeetan pentsatu ohi da. Hala ere, zu hura 0 urteetatik prebenitzeaz ari zara. Posible al da genero indarkeriaz hitz egitea adin txiki horietan?
Genero indarkeriaz hitz egiten denean, sozializazio prozesu batez ari gara, berdintasunean oinarrituta ez dauden eta bortitzak diren erlazioetara bideratzen gaituen sozializazioaz. Sozializazio hau jaiotzen garenetik hasten da; beraz, erlazio osasuntsuetan hezi nahi badugu, garrantzitsua da adin txikietatik hastea, 0 urteetatik.
– Zeintzuk dira genero indarkeria prebenitzeko gakoak?
Lehenengoa, aurreko galderan azaldu dudanez, txikitatik lantzen hastea da. Ondoren, indarkeria mota horren adierazpenak justifikatzeari eta arinki hartzeari utzi behar diogula azpimarratuko nuke. Batez ere haur hezkuntzan, asko kostatzen zaigu zenbait egoera indarkeriatzat hartzea; modu objektiboan, egoera horiek helduen munduan aztertuta, argi izango genuke indarkeriaz ari garela. Beste alde batetik, garrantzitsua da umeen artean eta, orokorrean, gizartean elkartasuna eta biktimekiko babesa sustatzea. Hau da, indarkeria gauzatzen dutenak babesteari edo beste alde batera begiratzeari uztea. Funtsezkoa da biktimak bakarrik ez sentiaraztea. Azkenik, azpimarratu nahi dut utzi behar diogula zenbait eredu goraipatzeari eta erreferentetzat hartzeari, hain zuzen ere, ezberdintasun-, menderatze- eta abusuzko mezuak sustatzen dituztenak.
– Indarkeriarekiko erakarpena genero indarkeriaren kausa nagusietako bat dela baldin badiogu, pertsona batzuek pentsatzen dute errua biktimei leporatzen zaiela eta, ondorioz, erantzunkizuna haiek dutela . Zer esan zenezake horren inguruan?
Genero indarkeriaren aurkako borrokan, oso garrantzitsua da akats hori argitzea. Izan ere, erakargarritasun modelo horiek analizatzeaz ari garenean, ez dira berbiktimizatu nahi idarkeria jasaten ari diren pertsonak, baizik eta kontrakoa: bilatzen dena da sozializazio prozesu horiek aztertzea, indarkeria gauzatzen duten pertsonekiko erakarpena sustatzen dutenak. Gainera, indarkeriazko erakargarritasun modeloekiko sozializazioaz hitz egiten denean, inoiz ez da mintzatzen zerbait biologikoz, baizik eta, esan dudanez, nerabeen sozializazioaren arlo bati eragiten dien atal batez; zorionez, ez dago sozializazioaren eremu guztietan. Edozelan ere, zerbait biologikoa ezta genetikoa ez denez, erantzukizuna ez da biktimarena, baizik eta gizarte osoarena, publikoki mespretxuzko eta menderatze jarrerak dituzten pertsonak erreferentetzat jartzeagatik.
– Zein da eskolaren eginkizuna genero indarkeriaren prebentzioan?
Eskolak zeregin generalista du, beste edozein sozializazio agentek bezala: familiak, adiskidetasun erlazioek eta beste askok. Baina horretaz aparte, paper zehatza ere badu, genero indarkeriaren aurkako legeak markatzen duen moduan, bai estatu mailan, bai maila autonomikoan. Bertan, uler daiteke prebentzio jarduera garrantzitsua egin daitekeela: Alde batetik, gertatzen ari diren indarkeriazko kasuak identifikatuz, eta beste alde batetik, indarkeriaz libre dauden erlazioak hezkuntzaren bidez sustatuz, eta, eskolan hori, hain zuzen ere, lantzen da.
– Ez da ohikoa, genero indarkeriaz hitz egiteko, emakume feminista batek txostena gizonezko batekin partekatzea. Horrek ba al dauka zerikusirik genero indarkeriaren aurka duzuen jarrerarekin?
Genero indarkeriaren aurkako borroka gizonezkoek eta emakumezkoek gauzatu beharrekoa da, baina benetan borroka horren alde gauden emakume eta gizonek. Sozializazioaren aldaketa hori ezin dugu emakumezkook bakarrik errealitate bihurtu, ezta gizonezkoek bakarrik ere. Beraz, guztiok bat egiten badugu borrokan, hurrengo belaunaldiek indarkeriarik gabeko erlazioak izatea lortuko da.
Borroka horretan benetan dauden gizon eta emakumeak behar ditugu: esan duzun bezala, balio feministak defendatzen dituzten emakumezkoak, baita maskulinitate berrien irudi diren eta haiek errotzeko lan egiten duten gizonezkoak ere, orain arte publikoagoa izan den maskulinidade tradizional eta zapaltzaile hartatik urrun dagoen maskulinidade berri hori agerian jartzeagatik eta guztion artean hedatzeagatik.
Egilea: Ane Lopez de Aguileta