Periódico Educación-etik itzulita

Maiz entzuten eta irakurtzen dira komunikabideetan ikastetxe batzuetan dauden bizikidetza-arazoak. Zorionez, ez da hala ikastetxe guztietan.

Nik ikasketa-komunitate baten baitan lan egiten dut, eta dagoeneko 11 ikasturte daramatzagu arrakastazko hezkuntza-jarduerak (AEE) ezartzen; besteak beste, gatazken prebentzio eta ebazpenerako eredu dialogikoa (MDPRC) eta indarkeriarik gabeko ausarten kluba. Ebidentzia zientifikoetan oinarritutako jardunak denboraren poderioz bizikidetza gero eta gehiago hobetzea ekarri du. Izan ere, gure eskolara iristen diren irakasle berrien gehiengoak adierazten du hemen giroa hobea dela beste eskoletan baino.

Aipamen hori ilustratzeko, gure eskolan lan egiteari utzi dioten zenbait irakasleri eskatu diet bertako bizikidetzari buruzko iritzi edo inpresio bat adierazteko.

«Ez ziren egun asko behar izan harritzeko eskolako gelatan bizi zen bizikidetza-giroarekin. Irakasle moduan, ausarten klubak izan zuen eragin positiboak benetan harritu ninduen. Ikasturte batean zehar ikusi ahal izan nuen nola harremanak eta loturak sortzen ziren komunitatearen eta ikasleen artean, maitasunetik, errespetutik eta elkarrizketa osotik abiatuta.»

Irakasle hauek gai izan ziren arnasten zen giro positiboaren zergatia identifikatzeko.

«Ausarten kluba dela eta, lehen pertsonan bizi izan nuen nola erabiltzen zuten haurrek elkarrizketa komunikazio-tresna gisa. Konturatzen ziren beren ahotsak garrantzia zuela, eta beste guztien berdin entzun behar zela. Hazteko gune bat zen, ikasleei bestearen lekuan jartzen, gatazkak enpatiaz kudeatzen eta harreman osasuntsuago eta errespetutsuagoak eraikitzen laguntzen ziena. Guztien ongizateaz arduratzen den talde baten parte izateak segurtasuna eta autoestimua ematen die. Zentzu honetan, bizikidetzaren haziak ereiten ditu, eta etorkizunean, zalantzarik gabe, fruituak emango ditu.»

Beste irakasle batek, dagoeneko erretiratuta dagoenak, eskolako bizikidetzaren bilakaera baloratzen du, erreferentzia gisa hartuta gure eskolak ebidentzia zientifikoetan oinarritzea erabaki zuen unea, haur guztientzat espazio seguruak lortzeko:

«Ez dut esango gatazkak desagertu zirenik, baina bai ziurta dezaket —nik nire klasean eta ikastetxean bizi izan dudalako— gatazka larrien kopurua gutxitu zela, haurrak pozik eta gogotsu etortzen zirela eskolara, elkarri lagunduz eta desberdintasunak errespetatuz ikasten zutela. Gainera, eskolan kolaboratzera sartzen ziren helduak, gurasoak eta familiak ahozabalik geratzen ziren haurrek nola hitz egiten zuten eta nola konpontzen zituzten arazoak ikusita, baita haurtzaindegian ere, nik nire azken urteetan lan egiten nuen etapa horretan.»

Eskolan lan egitea intentsua da. Baina merezi du, ikasleak nola errespetatzen diren, nola errespetarazten duten eta gatazkak modu baketsuan, berdintasunez eta kontsiderazioz konpontzen dituzten ikusteak eguneroko ahalegina saritzen duelako. MDPRCren aplikazioak laguntzen digu gaur egungo haurren etorkizun hobea eraikitzen, haiek indarkeriarik gabe gatazkak konpontzen jakingo dutelako. Haiek eta haiek izango dira gaur gure eskolan ikusi dugun aldaketa gizarte hobe batera eramango dutenak —indarkeria ikusten dutenean beste aldera begiratzen ez duten pertsonaz betetako gizarte batera.

Egilea: Patricia González

Lehen Hezkuntzako eta Musika Hezkuntzako irakaslea. Riba-roja de Túriako CEIP Eres Altes ikastetxeko zuzendaria.

Loading