Ikasturte amaieran gaude eta garai honetan protagonismo handiagoa izaten dute “jarduera dibertigarri” gisako etiketa duten ekintzek: helburu konkreturik gabeko joko zein dinamikek, eztabaidarik edo gogoetarik gabeko filmek, etab. Aipatutako ekintza horiek, kasu askotan, soilik ikasturteko egutegia betetzeko funtzioa izaten dute. Lehenik eta behin, geure buruari galdetu beharko genioke ea nork erabakitzen duen jarduera batzuk dibertigarriak direla eta besteak ez. Ikerketa zientifiko zein esperientzia mordoek frogatu duten bezala, solasaldi dialogikoak dibertigarriak dira bertan parte hartzen duten kideentzat eta, horrez gain, onura indibidual zein kolektibo ugari ahalbidetzen dituzte.
Zenbait larunbatetan Erraldoien Sorbalden Gainean mintegian parte hartzen dut. Batzuetan online, beste zenbaitetan aurrez-aurre, ebidentzia zientifikoak oinarri, hezkuntza komunitate osoarentzat zuzendutako solasaldi dialogiko ezberdinak antolatzen dira ikasturtean zehar. Ikerketa zientifiko ezberdinek dagoeneko frogatu dute halako solasaldi dialogiko zientifikoek dituzten onurak.
Bada, ordea, nolabaiteko diskurtso hertsatzaile bat zeinak mespretxatu egiten duen larunbat goiz batean liburu baten inguruan solasteko geratu izana. Gizarte Dialogikoa liburuan aipatzen den adibide batek dioen bezala: “Nahiz eta pertsona horiek azpimarratzen duten gehiago motibatzen dituela lan intelektual bat egiteak, hala nola liburu bikain bat irakurtzeak, larunbat osoa hondartzan gorputzak belzten igarotzeak baino, egin nahi ez dutena egin dezaten presionatuko dituzte, eta derrigortzera makurtzen ez badira, pertsona aspergarritzat eta otzantzat joko dituzte.” Diskurtso hertsatzaile honek aspergarri edo menpeko gisa kontsideratzen du guztion bizitza hobetzen duen lan zientifikoa, baina ez du kontuan izaten solasaldi honetan biltzen garen pertsonak ere asko dibertitzen garela mintegi honetan.
Mintegi honetan antolatzen ditugun solasaldiak ez dira zirkuluan jarri eta gezurrak partekatzea edo ikasleen emaitzak hobetu gabe jarduera dibertigarriak egitea. Mintegi honen oinarria ebidentzia zientifikoen inguruko solasaldia da eta, bai, horren inguruan aritzea dibertigarria da.
Argazkia: Chat GPT
Egilea: Aitor Alzaga