Nahiz eta batzuetan horretaz ez arduratu edo bigarren mailako kontu gisatzat kontsideratu, lo egitea ikasteko, oroimenerako eta errendimendu akademikorako funtsezko behar biologikoa da.
Hainbat ikerketa zientifikok frogatu dute loa funtsezkoa dela egunean zehar ikasitako informazioa sendotzeko. Lo sakonaren fasean, garunak oroimenak berrantolatu eta indartzen ditu. Neurozientziaren arloko ikerketa batek erakutsi zuen informazioa ikasi ondoren lo egiten zuten ikasleek esna geratu zirenek baino nabarmen gehiago atxiki zutela ikasitako informazioa. Beraz, lo egitea funtsezkoa da memoria eta garunaren plastikotasuna sendotzeko.
Lo ezak, aldiz, eragin negatiboa du errendimenduan. Ordu gutxiko atsedena duen ikasle bat distraituago, suminkorrago eta ariketak ebazteko gaitasun gutxiagorekin sentitu daiteke. Beste ikerketa zientifiko baten arabera, lo faltak hipokanpoaren jarduera gutxitzen du, oroimenerako funtsezkoa den garuneko eremua. Gainera, epe luzera, lo-defizita osasun mentaleko arazoekin lotuta dago, hala nola antsietatearekin eta depresioarekin, bereziki nerabeen kasuan.
Honen aurrean, zer egin dezakegu? Errutina sendoak sortu, gailu elektronikoak saihestu lo egin baino ordu bete lehenago gutxienez, eta atsedena lehenestea ikaskuntzaren zati gisa. Gurasoek eta irakasleek lagundu dezakete, loaren erritmo naturalak errespetatuz eta ohitura osasungarriak sustatuz. Argi geratu dadila ondo lo egitea ez dela “denbora galtzea”; garuna hobeto ikasteko prestatzea da.
Argazkia: Pixabay
Egilea: Aitor Alzaga