(Periodico Educacion-etik itzulita)
Maiatzaren 12a Matematikako Emakumeen Nazioarteko Eguna izan zen. Kalitatezko espazioak zabaltzen jarraitu behar dugu, hala nola solasaldi feministak, eta, horrela, erreferente onez hitz egin ahal izango dugu, kasu honetan, matematikako emakumeez, haiekiko zaletasuna eta gaitasuna sustatzeko.
Egun honengatik, Hipatia gogoratu nahi dugu, 370ean Alexandrian (Egipto) jaio zena. Bere aitak, Teonek, “gizaki perfektu” bihurtzeko hezi zuen, emakumeak gizontzat hartzen ez ziren garai batean. Ankerki hil zuten 415. urtean. Astrolabioa bezalako tresnen hobekuntzan lan egin zuen, eguzkiaren, izarren eta planeten denbora eta posizioa kalkulatzeko erabiltzen zena. Hipatia, mendeetan zehar, historian dokumentatutako emakume matematiko bakanetakoa izan zen.
Ondoren, Hipatiaren antzeko mailan, XVIII. mendeko bi emakume gogoratzen ditugu:
Maria Gaetana Agnesi, 1718an Milanen jaioa. Aita matematikako unibertsitateko irakaslea zen, eta seme-alaba guztiak ikastera animatu zituen. Hamazazpi urte zituela idatzi zuen Mariak bere lehen obra. Bere lanik garrantzitsuena aljebra eta geometria gaiak jorratzen zituen eskuliburu bat izan zen, baita kalkulu diferentzial eta integrala ere. Bere izena kurba geometriko espezifiko bati lotuta dago. Aita hiltzean, Mariak, bere egunak amaitu arte, pobreei eta gaixoei eskaini zien bizitza. 1799an hil zen.
Sophie Germain, 1776an Parisen jaioa. Gurasoek, hasiera batean, matematikarekiko interesa sustatu nahi ez bazuten ere, gerora aitak ikasketak finantzatu zizkion. Garai hura zela eta, Sophiek izen maskulino bat erabili zuen bere lanak aurkeztu ahal izateko, eta gero jakinarazi behar izan zuen. Garaiko matematikari bikainenetako batek laguntza eman zion ikasketekin eta ikerketekin jarrai zezan. Zientziari egin zion ekarpenik garrantzitsuena elastikotasunaren teoria modernoarentzat funtsezko lana izan zen: deformazioak jasan zituztenez, jatorrizko forma berreskuratzeko gaitasuna zuten zenbait materialen propietate fisiko eta mekanikoa. Sophie 1831n hil zen bularreko minbiziak jota.
Garrantzitsua da gure ikasgeletan horrelako emakumeak gogoratzea, matematikaren historian giltzarri direnak, gure neskatoak lehen adinetatik xarmatu, motibatu eta ilusionatu ahal izateko.
«Bere garaiko pentsamenduan eragina duenak, ondorengo une guztietan eragiten du» (Hipatia Alexandriakoa)
Argakia: Freepik
Egilea: Cristina Pérez-Manglano