Kalitatezko hezkuntza lortzeko, funtsezkoa da haurren garapenerako ingurune inklusibo, seguru eta indarkeriarik gabekoak sortzea. Aldiz, eskola indarkeria mundu osoan hedatua dagoen arazo da. Datuak benetan kezkagarriak dira. Adibide bat ematearren, kalkuluen arabera, ikerketek adierazten dute mundu mailan hiru ikasletik batek jazarpena jasaten duela hilean behin.

Ikerketek erakutsi dute irakasleak funtsezkoak izan daitezkeela eskola indarkeria gainditzeko, edo behintzat egoera asko hobetu ahal dutela. Hala ere, literatura zientifikoak islatzen du irakasleen esku-hartzeak ez direla beti arrakastatsuak izaten. Irakasleek jazarpena murrizteko ahaleginak egin arren, ikasleek askotan ez dituzte konpetente ikusten gertaerak identifikatzeko edo konpontzeko. Aldiz, irakasleen formakuntza eraginkorrak eskola indarkeria hobeto menderatzen laguntzen duela erakutsi da.

Duela aste batzuk gai hau jorratzen duen literaturaren errebisio bat publikatu zen, inklusio irizpide batzuk kontuan izanik: a) 2013tik 2023ra argitaratutako ikerketak, b) irakasleen formakuntzan zentratuak, hauen formakuntzaren bidez eskola indarkerian hobekuntzak erakutsi dituzten ikerketak, eta c) formakuntzaren mota, landutako edukiak eta lortutako emaitzak deskribatzen dituzten ikerketak.

Ikerketa burutzeko PRISMA metodologia erabili zen eta hainbat hitz gako erabili ziren datu-base desberdinetan. Guztira 2360 ikerketatik 13k baino ez zituzten betetzen inklusio irizpideak.

Emaitzei dagokionez

  1. Irakasleen formakuntza mota
  • Ebidentzia zientifikoetan oinarrituta eta inpaktu sozialarekin,
  • Etengabeko prestakuntza eta prestakuntza kolektiboa izatea.
  • Komunitatearen parte hartzea ezinbestekoa da: familiak, ikertzaileak, irakasleak.
  • Elkarrizketan oinarritutako formakuntzak.
  1. Irakasleen formakuntzaren edukia
  • Indarkeria zer den ondo ezagutzea eta ez naturalizatzea
  • Behatzaileen esku hartze aktiboa sustatzeko estrategiak, hau da, ‘bystander intervention’: isiltasuna hausteko eta pertsonak biktimak babesteko animatzea
  • Ikasleen artean elkartasuna, kalitate handiko harremanak eta laguntza-inguruneak sustatzea
  • Jokabide positiboak dituzten pertsonak erakargarri bihurtzea, goraipatuz eta “guay”-ak direla esanez, adibidez, eta jokabide negatiboak dituztenei erakargarritasuna kentzea.
  • Desiraren lengoaia erabiltzea, etikaren lengoaia erabili beharrean.
  • Arauak ezartzea prozesu demokratiko baten bidez eta arauei garrantzia ematea, ikasleak ardura izan dezaten.

Aztertutako ikerketek hainbat inpaktu sozialaren ebidentziak ematen dituzte, hala nola indarkeria murriztea, eskola-giroa hobetzea, isiltasuna hauztea eta ikusleen esku-hartzea handitzea, irakasleen ongizatea hobetzea, familiaren eta komunitatearen inplikazio handiagoa, eta emaitza akademikoak hobetzea.

Eskola-indarkeria erronka garrantzitsua da, eta irakasleek eginkizun erabakigarria dute arazo horren aurkako borrokan, baina funtsezkoa da jasotzen duten prestakuntzak horretarako benetan gaitzea.

Argazkia: Freepik

Egilea: Ane Olabarria

Ane