Baby Garcíak (32 urte) Deustuko Unibertsitatean gizarte-laneko gradua bukatu zuenean, gure lurraldean unibertsitate-ikasketak amaitu zituen lehen emakume ijitoa bilakatu zen. Baby Garcíak estereotipoak eta aurreiritziak apurtu eta gizarte-arloan jardutea erabaki zuen, etorkizunean ikasle emakume ijitoei bidea zabaltzeko eta, hala, ijito herriaren egoera hobetzeko. Gaur egun, Kale Dor Kayiko elkartean lan egiten du, eta, gainera, boluntarioa da emakume ijitoen Sim Romi elkartean. Elkarrizketa honetan haren ibilbide akademikoan baliagarriak izan ziren elementuak argitzen saiatzen gara, eta harekin hitz egiten dugu ijito herriak eskolan duen etorkizunari buruz. 

 

  1. Ikasle ibilbidean (lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza, unibertsitatea…), zure ustez, zer elementu izan ziren funtsezkoak arrakasta lortzeko?

 

Lehen hezkuntzan gainerakoen moduko ikaslea izan nintzen, lehen hezkuntzan gauzak diren modukoak dira. DBHn kontzienteago nintzen hezkuntzaren munduan ijitoa izateak esan nahi zuenaz. Hau da, estigmatizatuta geunden: lan ez egiteagatik, eta familiak, ijitoa denez, erantzungo ez zuelako. Eta, ikasle ijito gisa, estereotipo horren barruan sartzen zara, eta, jakina, nik ondo portatuz nabarmendu behar nuen, beti-beti ikasiz, etxerako lanak egunero eginez. Hau da, beti baliarazi behar izan dut neure burua. Eta orduan ez ninduten ijitotzat hartzen, ijitoen «salbuespentzat» baizik. Orduan, ez dakizu zein alderdi den ona. Nabarmentzea, gainerakoak bezalakoa zarelako, edo zu ijitoa zarelako ikusten jarraitzea eta… eta zu gainerako ijitoak bezala ikustea. Institutuan zaudenean ez dakizu nola nabarmendu, «on» ala «txar» moduan. Guztiek dituzten estereotipoei jarraitu ala borrokatu eta egunero ahalegina egin, eta benetan nor zaren erakutsi.  

 

Unibertsitatean, dena izan zen desberdina. Gizarte-lana aukeratu nuen, eta agian horregatik jendea (ikasleak) irekiagoa zen; giro lagunkoiagoa zegoen, eta harrera ona egin zidatela sentitu nuen. Berez, lehen egunetatik esan ohi nien ikaskideei ijitoa naizela; izan ere, gero zenbait gai atera edo iruzkinak egiten dira, eta nik eztabaida horretan sartu, eta jendearen arbuioaren eta etsipenaren zauria beste behin sentitu nahi ez dudanez… bada, lehenik eta behin, nolakoa naizen erakusten dut, eta gero, iruzkinen bat egin behar badute, eurentzat gorde dezatela. Lehenik eta behin, ezagut nazatela. Unibertsitateko lehen ikasturtean, gelako ordezkari aukeratu ninduten; neure burua aurkeztu nuen, eta ikaskideek botoa eman zidaten. Eta handik aurrera… bada, ni izan nintzen kultura ijitoaren atea nire ikasketetan. Inork ez zuen aurretik ikasle ijitoekin traturik izan, eta izan zuten gutxiek ez zuten harreman onik edo normalik izan. Tartean beti zeuden beldurrak, susmoak eta estereotipoak. Orduan, bada, une horretan zituzten zalantzak argitzeko aukera aprobetxatzen zuten: ezkontzei buruz galdetzen zuten, nolakoak ginen, gure bizimodua, tradizioak. Gainera, une horretan, «Palabra de Gitano» (Ijitoaren Hitza) izeneko programa hori zegoen, eta oso berritzailea izan zen, ordura arte ez zegoelako ijitoekin lotutako ezer, eta atera zen programak, hain justu, jendearen estereotipoak finkatzeko balio izan zuen. Orduan nik akatsak zuzentzen nituen, ikus zezaten ijito herria ez dela horrelakoa.

 

Gauza asko ikasi nituen jendearengandik, jendeak guri buruz zuen ikuskeratik. Talde txikian ibiltzen zarenean, hau da, institutua, ikaskideak, dagoeneko ezagutzen zaituztenak… eta familia, zeina badakizun nor den… Ez dakigu benetan nola ikusten gaituen jendeak. Zer aurreiritzi edo beldur duten gurekiko. Jende gehiago ezagutzen duzunean hasten zara horren berri izaten. Konfiantzazko taldetik irteten zarenean.

 

Eta nire arrakastaren gakoei dagokienez, bakarra izan zen egiatan: nik banekien ikasi egin nahi nuela. Horixe izan zen nire arrakastaren gakoa. Eta norbere arrakastaren gakoa helburu batean finkatuta duen edonorentzat, bitartekoak ez du garrantzirik. Gauza gutxik eginarazi diezazuke atzera, edo asmoa aldarazi. Oso egoera gogorrak izan behar dira. Eta orain oso harro nago lortu dudanaz. Neure buruari zerbait proposatu diodanean, ezerk ez nauelako paretik kendu.

 

  1. Gizarte-hezitzaile gisa, azken urteetan nabaritzen duzu aldaketarik ikasle ijitoen hezkuntza-egoerari dagokionez? Zein?

 

Orain Opré Romá-n ari naiz lanean, eta ikasleak ikasten ikusten ditut institutu eta eskoletan, desberdin ikusten ditut nirekin alderatuta. Izan ere, ikusten dut haiek orain, txikiak izanda ere, kontzienteago direla bizitzen ari direnaz. Ni ez nintzen hain kontziente, nire garaian, eta, nire lehengusu-lehengusinak bezala, ez ginen ijito izatearen eta jendearen arbuio hori izatearen jakitun. Eta orain bai, haurrei ikusi egiten diet kontzienteago direla gurekiko arbuioaz. Haiek ere argudio honetaz baliatzen dira: «ijitoa naizenez, ez dut ikasten». Haurrak argudio horretaz baliatzen dira. Badakite jendeak zer estereotipo eta aurreiritzi duen haiei buruz.

 

Haiek kontzienteago dira gainerakoengandik jasotzen duten bazterketaz, eta gero eta txikiagoak direnetik. Horrek haien ibilbide akademikoak geldiarazten ditu, oraindik oso txikiak direlako aurreiritziei aurre egiteko, eta gelan txikiagotu egiten ditu. Haientzat atzerapausoak egitearen modukoa da.

 

Egoera horren aurrean, irtenbidea oso erraza da, eta konplexuagoa aldi berean. Oso erraza da: irakasleei jakinarazi behar zaie zenbaterainoko mina eragiten dieten haien aurreiritziek haurrei. Haien begiraden, aurreiritzien, segregazioaren bidez… Haien antigitanismoaren bidez. Hau da, irakasleek jakin behar dute ikasleek hori sumatu egiten dutela, eta… eta haiei mina ematen ari zaizkiela. Haurrak hezi behar dituzten pertsonak izanda, buruan badute «honek ez du ikasiko, honek ez du lan egingo», azkenean oso minimo baxuak ezartzen dizkiete. Ez diete gainerakoei beste eskatzen, esaten dutelako: «ba!, ikasteari utziko dio-eta», edo «ba!, laster ezkonduko da-eta», edo «ba! familiek ez dute‑eta kasurik egiten». Beraz, irakasleak aurreiritziak baditu, ez da borrokatzen haur horrek ikas dezan. Lan egiten ez duen ikaslea eta ijitoa dela konturatzen direnean, «badakite» eskola-porrota izango dutela ezinbestean, eta ez dute ezer egiten.

 

Beraz, irakasleekin lan egitea funtsezkoa da. Eta gero, familiekin lan egitea. Nik ikusten dut era guztietako gurasoak daudela, baina nik ikusten dut guraso batzuk ez direla eskolara hurbiltzen badakitelako zer iritzi duten eurei buruz. Hortaz, horrek geldiarazi egiten ditu, ez dute sentitzen eskola eurena denik. Ez dira ikastetxean integratuta sentitzen. Badakite haien atzetik zurrumurruen eta pentsamenduen lorratza uzten dutela… eta orduan, jakina, horrek familiak urruntzen ditu. Era berean, batzuetan, familiek «ijitook horrela egiten dugu» esaten dutenean, beren arbuioak harrotzen dituzte. Jakina, hori irakasle bati esaten badiote, azken hori gai izan behar da haiei honako hau esateko: «ez, ez duzue hori egiten ijitoak zaretelako; hori egiten duzue zuen egoera ekonomikoa ez delako ona». Edo: «hori egiten duzue marjinazioaren kulturan bizi zaretelako». Ijitoen balioak eta marjinazioaren kultura bereizi behar dira. Bi gauza horiek bereizten lagunduko dien norbait egon beharko litzateke, haiek (ijitoek) barrutik askotan ezin dutelako ikusi.  

 

  1. Nola irudikatzen dituzu 2050eko ikasle ijitoak (lehen eta bigarren hezkuntzakoak nahiz unibertsitatekoak)? Zer beharko genuke arrakasta lortzeko?

 

Nik ikusten dudan traba, gure gainean dagoen maila hori, antigitanismoa da, ikusten ez dena eta desagerrarazi egin behar dena. Ez da arrazismoa bakarrik, egon badagoen arren. Arrazismoa egon badagoelako, baina ez familia musulman guztietan, edo ez afrikar jatorriko familia guztietan, baina bai familia ijito guztietan. Eta estereotipoetan sartzen ez den familia ijitoa ez dute ijitotzat jotzen. Hori da arazoa. Eta hori ere antigitanismoa da.

 

Eskola irakasle ijitoz beteta egon dadila. Eta ez bakarrik eskolak, mediku ijitoak eta politikari ijitoak ere egon daitezela. Izan ere, hemen, Bizkaian, ez daukagu halakorik. Egungo bideari jarraitu behar diogu. Egia delako antigitanismoa dagoela hezkuntzan, baina, hala ere, badaude hori gainditzen duten haurrak. Zenbat haur ari dira KDKren saria jasotzen, erdi-mailako ikasketak egiten, goi-mailakoak, unibertsitate‑ikasketak… Eta duela 10 urte ez zen horrelakorik ikusten. Nire garaian, unibertsitatean sartu zen lehenengoetarikoa izan nintzen, eta albistegietan atera nintzen oso gauza berria zelako. Eta hori oso polita da, baina oso tristea ere bai. Baina, gaur egun, ijito herria hezkuntzaren oztopoa gainditzen ari da, eta bide horretatik jarraitu behar dugu. Eta gizarteak, bere aldetik, antigitanismoa desagerrarazi behar du, eta ijitoak sartu agertzen ez garen diskurtso horietan guztietan, oraindik ere ikusezinak baikara gizartearentzat. Eta ikusgai jartzen gaituztenean, gauza txarrak erakusteko izaten da, estereotipoak, aurreiritziekin lotutako kontuak.

 

Era berean, nabarmendu nahi dut emakume ijitoa aurrerapenak egiten ari dela, aurrerapauso handiak egiten ari dela. Oso ona da feminismo ijitoaren inguruan lan egiten aritzea eta hori aintzat hartzea, emakume ijitoak zein borrokalariak diren ikus dadin. Gizon ijitoak borrokalariak dira, baina emakume ijitoak are gehiago.

Egilea: Kaiera