XIX. mendean, neskak ezkontzera behartzen zituzten, eta norekin ezkondu inposatzen zieten. Orain, berriz, amodio-kontuak izatera behartzen dituzte, eta norekin izan behar dituzten inposatzen diete: kasu gehienetan, mespretxatzen dituzten pertsonekin. Literatura zientifikoak dagoeneko argi utzi du errealitate hori, zeina gure inguruan ere ikus dezakegun, ikustea galarazten diguten betaurreko opakuak kentzen baditugu. Nahikoa da neskek ezagutu dituzten “andrezaleek” sareetan esaten dutena irakurtzearekin, edo, besterik gabe, trenean haien arteko elkarrizketa bat entzutearekin. Jakina, betaurreko opaku horiek “babestu” egingo gaituzte, eta pentsaraziko digute ezagutzen ditugun neskek amodio-kontuak ez dituztela horrelako mutilekin izan. Babesten gaituzten ala ez eztabaidagarria da, baina ebidentzia zientifikoek argi uzten dute horrela ez dugula mutiletan egiteko haien askatasuna babesten, ezta norekin egin erabakitzeko askatasuna ere.
50eko hamarkadan, kapitalaren sektore batek gaueko parranda orokortu zuen. Gazteek etxekoei ematen zieten soldataren zati bat (gurasoekin bizi ziren bitartean) aisialdi-kontsumo horretara bideratzea lortu zuen sektore horrek. Negozioak motibazio bat sortu behar zuen, besteak beste, alkohola kostua baino askoz garestiago ordaintzea lortzeko, eta garrafoiko ginebra merkearen prezioa 10 aldiz garestiagoa izatera ere iritsi zen. Publizitatea matxismo itsusienaz baliatu zen nagusi diren maskulinitate tradizionaletako mutilak gauaren errege gisa aurkezteko. Harrezkero, eta gero eta gehiago, exijentzia matxista aldatu egin zen: lehen ezkontzara “garbi” heltzea zen; gero, parranda mota horretako menderatzaile horiekin amodio-kontuak izatea inposatu zitzaien. Eta, jakina, mutilak ere hertsatzen zituzten haien modukoak izan zitezen, “friendszone” bezalako terminoen bidez, bestela merkatutik kanpo geratuko zirelako.
Handik gutxira, inposatutako amodio-eredu hori aisialdi mota horretatik gazte-elkarteetara, eskoletara eta gimnasioetara igaro zen. Gaur egun dagoeneko gehiengoa dira, gaiarekin lotutako ikerketa zientifikoetan, mespretxatzen zituzten mutilekin amodio-kontu horiek izatera behartu zituztela azaltzen duten neskak. Ez hori bakarrik: harreman horiek oso dibertigarriak eta kitzikagarriak izan zirela konta zezaten ere hertsatu zituzten, nazka sentitu zuten arren, eta ondoren ondo garbitzeko hartu zuten dutxa gorabehera. Jakina, neska askok ez dute inoiz men egin, baina elkarrizketetan azaldu dute oso gogorra izan dela sarritan beren inguruneko pertsonengandik zetozen hertsapenei aurre egitea.
Defenda dezagun haien askatasuna, baina benetan; askatasuna berez balio feminista gorenetako bat izateaz gain, bermea da indarkeria matxistaren egoerak ekiditeko, baita haien osasunari eta bizitzari kalterik ez egiteko ere. Agerian utz ditzagun diskurtso hertsatzailea eta hori inposatzeko teknikak. Testuingurua eralda dezagun hertsapenak ekiditeko eta neska guztiak askeak izatea lortzeko; askeak harremanak izan ala ez erabakitzeko, bikotekideak eta/edo amodio-aferak izan nahi dituzten erabakitzeko, eskolan edo diskotekan. Ezinbesteko lan horretan laguntzeko, asko aldatu behar ditugu egungo diskurtso menderatzaileak, zeinek, kapitalaren sektore zikoitzari jarraituz, amodio-kontuak askatasunaren erresuma balira bezala aurkezten dituzten.
Egingo dugu, gero eta pertsona gehiago ari dira egiten. Asko dira gaiarekin lotutako ebidentzia zientifikoak. Diskurtsoak haietan oinarritzea baino ez da falta.
Egilea: Lidia Puigvert eta Ramón Flecha (DF-tik)