Maila sozioekonomikoaren araberako emaitza akademikoak lortzen al ditugu zientzia ikastean? Eta, betirako mantentzen al da ezberdintasun hori? Aldatzeko aukerarik badago? Nola? Galdera horiei heldu zieten 2016an Paul L. Morgan, George Farkas, Marianne M. Hillemeier eta Steve Maczuga-k zazpi mila umetik gorako parte-hartzaile taldearekin.
Ikusi zutenez, haur hezkuntzatik nabarmenak dira zientziarako ikasketa-ezberdintasunak maila sozioekonomikoari lotuta. Izan ere, maila sozioekonomiko baxuko familietako umeek kalitate gutxiko eskoletan egoteko aukera gehiago dituzte, eta bertan zientzietako ikaskuntza ez da lehentasuna izaten. Gainera, aisialdiak ere ez du aukera askorik zabaltzen zientzietarako, baliabide gutxiko familiek ohitura txikiagoa dutelako museoetara edo eta zientzia-parkeetara joateko. Hartara, oso gaztetatik nabarmenak dira ezberdintasunak, maila sozioekonomiko baxuko umeek ez dutelako behar bezainbeste estimulu aberasgarri haien etxeetan haur hezkuntza hasi aurretik.
Gauzak horrela, Morgan eta kideek egoera zail horien ondorioak aldatzeko aukera dagoela deskubritu zuten, baina horiei albait arinen heltzea funtsezkoa dela ere azpimarratzen dute. Izan ere, umeak eskolara heltzen diren bezain pronto, eskolaren esku dago ikasle horien zientzia-ikasketako ezberdintasuna desagerraraztea. Horretarako ezinbestekoa da kalitatezko ikaskuntza-giroa bermatzea, eta kurrikuluma ez gutxitzea. Ikertzaileen aburuz, inguruneko zientziak, irakurketa eta matematika ondo jakitea eskolatik bultzatzen diren funtsezko ekintzak izan daitezke zientziarako ikaskuntza-ezberdintasunak gutxitu eta desagerrarazteko.
Egilea: Andrea Khalfaoui