Martxoaren 8a ate-joka dagoela, eta ikasleentzat erreferenteek duten garrantzia kontuan izanda, Kaierako orrietara Andrea Khalfaoui Larrañaga ekarri dugu. Andrea emakume eta feminista da, familia apal batean jaioa, eta txikitatik hainbat kultura maitatzen ikasi du, batez ere amazigh aitaren eta amona ijitoaren eskutik. Haur Hezkuntzako kulturen arteko bizikidetzaren gakoei buruz Deustuko Unibertsitatean aurkeztu berri duen tesian cum laude lortu duen gaztea da, eta, Eusko Jaurlaritzaren doktoretza ondoko beka bat irabazi ondoren, hurrengo hiru ikasturteak igaroko ditu Edinburgoko eta Deustuko Unibertsitateetan Laguntasuna sustatzen duten hezkuntza-testuinguruetan haur-hezkuntza ikertzen.
- Zure ikasle-ibilbidean, zerk lagundu zizun gehien?
Zaila gertatuko litzaidake gauza bakarra azpimarratzea, oso oroitzapen onak baititut. Ikastea asko gustatzen zitzaidan, ahizpa nagusiarekin etxerako lanak partekatzea, eta amonaren eskolari buruzko eguneroko elkarrizketarekin bukatzen zen eguna beti, “asko ikasi, andereñoari kasu egin” eta antzeko formulekin. Amonak ez zuen jakin irakurtzen ez idazten oso heldua izan zen arte, baina beti azpimarratzen zigun ikasketak zein garrantzizkoak ziren. Aitak ere “ikasketak lehenengo gauza” esaten zidan, eta horiek sortarazten zidaten plazera deskubritzen lagundu zidan.
- Tesia egiterakoan, zerk lagundu zizun gehien?
Argi daukat tesia egiteko aukera izan dudala zientifikoki eta pertsonalki maila goreneko pertsonen eskutik joan izan naizelako: CREA ikerketa-sarea izan da tesia egiteko ametsa errealitate bihurtu duen testuingurua. Nazioarteko ikerketa-taldeak bezala, CREA berdintasunean, solidaritatean eta denen arteko laguntzan oinarritzen da, non katedradun batek eta bekadun batek berdin gisa hitz egin dezaketen. Hori oso berezia da, oso testuinguru pribilegiatua da hori ikerketan hasi eta utzi nahi ez izateko. Batez ere, egiten den lanaren zentzua argi ikusten duzunean: haurren hezkuntza-aukerak sustatzea eta ebidentzietan oinarritutako hezkuntza-praktikak denei eskaintzea.
- Zure tesiaren ondorio garrantzitsuenetako bat.
Testuinguru kulturaniztunetan bizikidetza positiboa sustatzea posible dela eskola ebidentzia zientifikoetan oinarritzen denean. Tesian ikusi genuen familia ijito eta migratzaileek eskolarekin dituzten harremanak berdintasunean oinarritzen zirela, bai eta denek helburu bera partekatzen zutela ere: haur guztiei kalitatezko hezkuntza eskaintzea. Horretarako, argitalpen zientifiko gehiago dituen hezkuntza-proiektua martxan jarri zuten 2010ean, IKAS KOMUNITATE bihurtu zen eskola, eta geroztik emaitza positibo ugari izan ditu, bai akademikoki eta bai bizikidetzari dagokionez. Horrekin familia ijitoak eta migratzaileak beren umeen hezkuntzaz arduratzen ez direlako aurreiritzia guztiz apurtzen da.
- Zergatik da hain garrantzitsua itxaropen handiak izatea?
Hezkuntza-ikerketak azpimarratzen du itxaropen handiak funtsezkoak direla, eta edozein pertsonaren eguneroko bizitzako edozein alderditan frogatu daiteke: zure inguruko pertsonek zerbait egiteko gai zarela pentsatzen badute (eta hitzez adierazten badute), aukera gehiago dituzu hori lortzeko. Hori, oso ideia boteretsua denez, ondo erabiltzeko ardura dugu denok, kontrako efektua ere lortu daitekeelako. Beraz, denekin (haur, nerabe edota helduekin) itxaropen handiak izan eta mantendu behar ditugu.
- Zein garrantzitsua den familia guztien parte-hartzea eskolan, baina, bereziki, arriskuan dauden ikasleen familiena (etorkinak, ijitoak). Nola parte har dezakete?
Ikerketak aspalditik familien parte-hartzearen garrantzia azpimarratzen du: zenbat eta gehiago parte hartu, orduan eta hobeak dira ikasleen emaitzak eta euren ikasteko gogoa. Baina ez edonolako parte-hartzea: familien eskolako papera benetan zentzuzkoa izatea da helburua. Adibidez, gelan bertan boluntario gisa talde elkarreragileetan, edo eskolako batzar mistoetan. Hau da, parte-hartze aktiboa, eta ez soilik informatiboa. Hori bereziki garrantzitsua da arriskuan dauden ikasleen familiekin; izan ere, tradizionalki ez dituzte eskolaren parte izatera gonbidatu, uste izan delako, ikasketarik ez dutenez (oro har), haiek eskaini dezaketena ez dela baliagarria. Baina guztiz kontrakoa da: jakin badakigu, zenbat eta elkarrekintza anitzagoak eskaini eskolan, orduan eta ikasketa-esperientzia hobea dutela ikasleek.
- Diskurtso arrazistei, diskurtso ez-eraldatzaileei, estereotipoei buruzko zerbait aipatuko duzu?
Zorionez, momentu honetan ebidentzia zientifikoak denen eskura daude. Hartara, testuingurua eraldatzeko benetan funtzionatzen duenari eskain diezazkiokegu gure denbora eta esfortzuak. Aurreiritziak eta diskurtso arrazistak ez dira erakargarriak, ez dituztelako pertsonen bizitzak batere hobetzen. Zorionez, bakoitzaren esku dago zer diskurtso elikatu, horren arabera ere gure bizitzaren zentzua modu batekoa edo hutsala izan daiteke.
- Zer egin behar da nahitaez eskola guztietan eta, bereziki, bazterketa-arriskuan egon daitezkeen/dauden ikasleen eskoletan, bikaintasuna eta ekitatea euskal hezkuntza-sistemaren marka izatea lortzeko?
Ebidentzia zientifikoetan oinarritu eskoletako ekintza, plan eta harreman guztiak. Gaur egun eskura dugu Adhyayana plataforma, hezkuntzaren inguruko ideiak zientifikoki kontrastatuak dauden edo ez ziurtatzeko. Tresna horrek izugarri lagunduko digu gure ikasleen bikaintasuna lortzeko. Izan ere, argi dagoena da segregazioa bultzatu duten praktikak ezin direla gehiago mantendu, eta geroz eta irakasle zein familia gehiago pertsonen bizitzak hobetzen laguntzen duten ebidentzia zientifikoekin harremanetan egongo direla. Denok dugu prozesu zientifikoetan eta euren ondorioez mesede egiteko eskubidea, beraz, erabili dezagun etorkizun bikaina lortzeko.
Ikertzaile gisa egin duzun eta egingo duzun lana eskertzea besterik ez zaigu geratzen, ez bada zure historia partekatzen uzteagatik, erreferente ona baita neskatilak (batez ere neskatila ijitoak eta beste kultura gutxitu batzuetakoak) arrakasta akademiko bizi-itxaropen handiak amets egitera ausartu daitezela.
Egilea: Luisa Maria Puertas