26 Letters doako ikaskuntza-programa da Beiruten. Bertan, irakasleek eta boluntarioek ingelesa, matematika eta historia irakasten dizkiete 3 eta 19 urte bitarteko 100 ikasleri, haien nazionalitatea, jatorri sozioekonomikoa edo hezkuntza-maila kontuan hartu gabe. Horietako batzuk hezkuntza formaleko zentroetara joaten dira, beste batzuek lan egiten dute, eta ez dira eskolara joaten; beraz, hainbat klase-txanda daude, hainbat egoeratara egokitzen direnak.
Tamara Taibok eskola bat sortzeko ideia izan zuen Salah ezagutu zuenean, Beirutera 9 urte zituenean iritsitako 13 urteko siriarra, kalean arrosak salduz bizimodua ateratzen zuena. “Gure lehentasuna, ikasle berriak iristen direnean, Libanoko hezkuntza-sisteman sartzea da, horrek goi-mailako ikasketak egiteko ateak irekitzen baitizkie, baina eskola publikoan sar daitezen laguntza gehigarria eman behar diegu, eta, gero, behin barruan, haurrek ere errefortzua behar dute eskolen erritmoari jarraitzeko, batez ere ezagutzetan hutsuneak badituzte”.
26 Lettersek 301 onuradun ditu —ikasleen eta familien artean—, asko jatorri siriarrekoak. Libanon eskolatu gabeko haur siriarren kopurua murriztea lortu zuten arren, arazoak ez ziren amaitu ikasleak ikasgeletan sartzearekin: hizkuntza da arazo handienetako bat, Libanon ikasgai nagusiak ingelesez edo frantsesez ematen baitira, eta Sirian, aldiz, irakaskuntza guztia arabieraz.
Hori dela eta, 26 Lettersen ikasketa-plana Libanoko azterketa nazionalak gainditzeko ikasle batek jakin behar duen ingeles-mailan oinarritzen da. Ikasle guztiek ingeles-eskola pribatuak jasotzen dituzte, eta ingeleseko curriculumean etika eta historia irakasten dira. Horrekin batera, matematikan, arabieran eta zientzia-irakasgaietan laguntza izaten dute, beharrezkoa denean. Horrez gain, arrazismoa, gatazkak, sexismoa, LGBTQ+ fobia eta beste hainbat gairi buruzko solasaldiak zabaltzeko tailerrak antolatzen dituzte.
Gainera, sail oso bat dute ikasle bakoitzarentzat etorkizunik onena bermatzeko. Horrek ikasle bakoitzaren hezkuntza-garapena gainbegiratzen du, hezkuntza-gabeziak konpontzeko irtenbideak ematen ditu, eta prestakuntza-zentroekin eta unibertsitateekin lankidetzan aritzen da ikasleei aukerarik onenak eskaintzeko. Izan ere, siriar nerabe batzuek haurren lanetik irten eta eskolara itzultzeko modu bat aurkitu zuten, giro seguruan ikasten duten bitartean arabiera-irakasle gisa jarduteko.
Ikasleak jatorri ekonomiko, sozial eta erlijioso anitzetik datoz, eta, horri esker, elkarrekin ikasi eta elkarreraginean aniztasunari eta errespetuari buruz ikasten dute. Eskolako ikasketa-plana ikasleei egokitzen zaie, ez alderantziz, eta garrantzi handia ematen zaio ikasleak eskolara joatera eta ikastera bultzatzen dituen adiskidetasun-giroa sortzeari. Ideia horren barruan familiak ere sartzen dira, ikasleen gurasoak bisitatzen dituzte, gurasoek ere beraiekin hitz egiteko, istorioak eta esperientziak partekatzeko norbait behar dutelako, haiek zaintzen dituen norbait, haietaz kezkatzen den norbait. Eta elkarrizketa horietan hezkuntzaren garrantziaz jabetzen direla ziurtatzen dute.
Covid-19aren pandemiak ikaskuntza-plan berria etetea ekarri zuen, eta boluntario gehienak jatorrizko herrialdeetara itzuli behar izatea eragin zuen. Orduan, GKEk helburu bakar gisa familien biziraupena bermatzea birplanteatu zuen. Lantaldeak arrakastaz bildu zuen ikastetxea urtarrilean berriro irekitzeko behar zen diru guztia, eta gaur egun lanean ari da familiek hilero laguntza humanitarioko kutxak jasoko dituztela ziurtatzeko.
26 Lettersek guztientzako kalitatezko eskolaren alde lan egiten du; halaber, hezkuntza-arrakala arintzen eta gizarte-bazterketatik urrun dagoen etorkizuna eraikitzen laguntzeko ahalegina egiten du.
Egilea: Isabel Mendizabal