Jakin badakigu galderen potentziala oso zabala dela ikaskuntza-prozesuetan. Galderen formulazioa eta ikasketarako zer-nolako eragina duten oso gai ikertua den arren, horiek osatzen dituzten keinu-kodeak oraindik ez dira sakonki ezagutzen, eta are gutxiago Haur Hezkuntzan. Hartara, Zhe Wanga and Zhanhao Jiangb ikertzaileek gai hori aztertu dute Txinako haur-eskola publiko batean. Izan ere, keinu horien eragina ezagutzea baliagarria izan daiteke umeen arrakasta akademikoa suspertzeko.
Horretarako, ikertzaileek 24 minutuko eskola bat bideoz grabatu zuten, non irakasleak 3 urteko 21 ikasleei ipuin tradizional bat kontatu zien. Emaitzek diotenez, objektu, pertsona edo leku bati erreferentzia egiteko keinuak erabilienak izan ziren saioan. Halaber, txalokatzeari ere hainbat esanahi aurkitu zizkioten eskuen posizioaren arabera. Gainera, lekua adierazteko edozein keinuk beti egiten zuen bat galdera erretorikoekin. Bestalde, mugimenduarekin koordinatuta dauden keinuak ere ohikoak direla ondorioztatu zuten ikertzaileek.
Ikerketa horren emaitzek keinuek betetzen dituzten hiru funtzio nagusi egiaztatzen dituzte. Lehenik eta behin, irakasleen keinuek umeen arreta lortu eta mantentzen laguntzen dute. Bestetik, keinuen bidez hitzekin ulertu ez dena uler dezakete umeek. Eta hirugarrenik, irakaslearen hizketa keinu fisikoetan sustraituta dago.
Egilea: Kaiera