UNESCOk, 2020ko Munduko Hezkuntzaren jarraipen txostenean, hezkuntza inklusiboaren alde egin du, eta pertsona ororen potentzialtasun osoa ahalbidetu behar dela agindu eta ikasleen aniztasuna goraipatzearen garrantzia azpimarratu du.
Generoaren, adinaren, bizilekuaren, pobreziaren, desgaitasunaren, jatorri etnikoaren, talde indigenen, hizkuntzaren, erlijioaren, desplazamenduaren, sexu-orientazioaren eta genero-identitatearen adierazpenaren, espetxeratzearen, sinesmenen edo jarreren artean ez da bereizkeriarik egin behar hezkuntza-partaidetzari eta -esperientziari dagokienez. Hezkuntza-sisteman aniztasuna aukera gisa ulertu beharra dago, ezin baita inklusioa lortu eragozpentzat hartzen bada edo ikasleen gaitasun-mailak finkoak direla uste bada.
Erakundeak ikasle guzti-guztiei, salbuespenik gabe, erantzun behar zaiela aldarrikatzen du, eta hori lortzeko inklusibitatearen aldeko 10 gomendio ematen ditu:
1- Hezkuntza inklusiboa modu zabalagoan ulertzea: ikasle guztiak barne hartu beharko lituzke, haien nortasuna, jatorria edo gaitasuna edozein izanda ere. Helburua da pertsona guztiei gizarte jasangarriak sortzeko oinarrizko konpetentziak garatzeko aukera eskaintzea, esku-hartzeak lehen haurtzarotik heldutasunera diseinatuz.
2- Finantzazioa atzean gelditu diren pertsonengan ardaztu: inklusioa ez da existitzen milioika pertsonak ez badute hezkuntzarik. Gobernuak finantzazio orokorraren bidez inguru inklusiboa finantzatu behar du, eta, finantzazio espezifikoen bidez, atzerago dauden pertsonei ahal den azkarren erantzuna eman behar die, baita, behin eskolarako sarbidea lortuta, esku-hartze goiztiarrak bultzatu ere.
3- Konpetentzia eta baliabideak elkarbanatu. Ezagutza espezializatuek eskola arruntei eta hezkuntza ez formalei lagundu behar diete.
4- Komunitate eta gurasoei galdeketa esanguratsuak egin, inklusioa ezin baita goitik inposatu. Eskolek eskolako praktiken inguruko elkarrizketa hasi behar dute.
5- Ministerio, sektore eta gobernuko mailen arteko lankidetza ezarri, hezkuntzako inklusioa gizarteko inklusioaren ondorioa baita.
6- Gobernuz kanpoko eragileek parte hartzeko espazioa utzi behar da, baina inklusioa lortzeko helburuarekin lan egiten dutela ziurtatu.
7- Diseinu unibertsala erabili: sistema inklusiboek ikasle ororen potentzialtasunaren guztizko garapena bermatu behar dute.
8- Hezkuntzako langileak prestatu, ahaldundu eta motibatu: irakasle guztiak ikasle guztiei irakasteko prest egon behar dira.
9- Inklusioaren inguruko datuak arretaz eta errespetuz bildu, eta etiketatze estigmatizatzailea eragotzi.
Inklusioaren esperientziari buruzko datuak lortu behar dira.
10- Pareetatik ikastea: inklusiora igarotzea ez da erraza.
Inklusioak diskriminaziotik eta aurreiritzietatik aldentzea esan nahi du, eta hainbat testuinguru eta errealitatetara egokitu daitekeen etorkizunerantz aurrera egitea. Ezin da trantsizio horren erritmo eta norabide zehatzik eman. Hala ere, esperientzia-truketik asko ikas daiteke irakasle-sareen, foro nazionalen eta eskualdeko eta munduko plataformen bidez.
Bide horretatik, Adarran, Kaieran, ebidentzia zientifikoetan oinarritutako hainbat esperientzia ere partekatzen ditugu, inklusiorako behar-beharrezkotzat jotzen baitugu.
Egilea: Laura Alvarez